JAN. 21 2017 Interview KIRMEN URIBE IDAZLEA «Guk kontatu behar dugu gure historia, gure itzal eta argiekin, baina guk geuk» Karmele Urresti eta Txomin Letamendiren bizitzetan bilatu du abia Kirmen Uribek «Elkarrekin esnatzeko ordua» (Susa) eleberria garatzeko. Gerra, erbestea, frankismoa, askatasun guraria eta hondoko maitasun istorioa munduratu ditu idazle ondarroarrak, bere ohiko talaiatik. Last update: JAN. 21 2017 - 07:39h Ariane KAMIO ONDARROA Euripean dago Ondarroa. Baita Arrigorriko talaia ere. Karmele Urrestiren usaina darie kaleei, eta itsasaldetik entzungarriak dira norbere imajinarioan Bilboko portutik datozen tronpeta doinuak. Txomin Letamendiren itzalpetik datoz. Zerumugan, Paristik, Venezuelatik, Madrildik pasatutako haizeen ufada. Kirmen Uribek (Ondarroa, 1970) darama ontzia, eta haiek guztiak bilduta porturatu da “Elkarrekin esnatzeko ordua” lanarekin. Euripean. Honako bidean pentsatzen etorri naiz... eta Karmele Urresti bizirik egongo balitz? Karmele Urresti bizirik egongo balitz, hasiko zen gauzak gehitzen. Lehenik eta behin eskerrak adieraziko zituen, zeren oso emakume dotorea zen, eta heziketa handikoa, baina gero hasiko litzateke gauzak zuzentzen, oso metikulosoa zen, eta gustatzen zitzaion gauzak oso zehatz egitea. Bere biografia egiteko arriskua edukiko luke horrek. Bai, eta agian uste dut bai bera eta bai Txomin hemen ez egoteak lagundu didala distantzia hartu eta biografia bat ez egiten. Zeren nobela ez da biografia bat, nobela nobela bat da. Kontatu nahi nuen Txomin Letamendik eta Karmele Urrestik bizi izan zutena eta era berean kontatu nahi nuen euskal familia baten historia. Ez hainbeste lerratzea beraien historia partikularrera, jendeak bere burua ikustea baino familia horretan. Eta hala gertatu da. Zergatik hartu zenuen duela lau urte gai honekin hasteko erabakia, eta ez lehenago? 2010ean hasi nintzen nobelaren ideiarekin. Gogoratu nintzen Karmele Urrestiz eta esan nion neure buruari ‘kontatu nahi dut historia hau, kontatu nahi dut gure azken 90-100 urteetako historia eta gainera emakumea izatea ardatz’. Hori zen niretzat garrantzitsua. Erresistentziakoak hor daude, Gerra Zibila hor dago, beti kontatzen dugu gure historia gizonen inguruan, eta nik nahi nuen emakume bat izatea zentroa. Nahi nuen gure historia kontatu, nahi nuen emakume bat egotea hor erdian, eta hasi nintzen duela sei urte. Baita ere nire ibilbide pertsonalari jarraiki, bi nobela eta poema liburu bat, nahi nuen luzeago zerbait kontatu eta baita ere ikusten nuen nolabait indarkeriaren episodioa pasatzen ari zela euskal gizartean eta atzera begiratu bat egiteko behar bat ere ikusten nuen. Gure historia guk geuk kontatu behar genuela, euskaldunok geure buruari begiratu eta ez kanpotik esatea gu nolakoak garen. Guk kontatu behar dugu gure historia, gure itzalekin eta gure argiekin, baina guk geuk. Liburuaren aurkezpenean ere esan zenuen «ausartu» zinela gai hau esku artean hartzen. Ataka batean zeunden? Ausartu nintzen oso konplexua zelako historia. Alde batetik, denbora tarte luze bat hartzen du, pertsonaia asko daude tartean, konexio politikoak ere asko daude, hemengoak eta kanpokoak, Agirre agertzen da, Roosevelt agertzen da, Hemingway agertzen da, Thomas Mann… Hainbat eta hainbat pertsonaia historiko agertzen dira eta Karmeleren bizitza bera ere oso konplexua izan zen. Baina baita ere aberasgarria, idazle gisa, pertsona gisa eta gure herriarentzat ere bai. Ausartu nintzen konplexua zelako. Nik ezin nuen historia hau idatzi “Bilbao-New York-Bilbao” idatzi nuenean. Ez nintzen gai idazle moduan. Esan daiteke «Mussche» entrenamendu bat izan zela hau idatzi aurretik? Oso injustua izango zen hori esatea. Zergatik? Alde batetik, injustua izango zen. “Mussche” asko maite dut. Kontatzen du hiru pertsonaren psikologia. Hiru lagun dira azken batean, bi mutil eta neska bat, eta nola pasatzen diren gaztarotik helduarora. “Mussche” bere horretan, nobela labur gisa, ondo dago, baina bai, era berean onartzen dut bai izan zela lehen pauso bat gero hona iristeko. Gauza asko dituzte elkarrekin. Errealitatearen eta fikzioaren arteko muga horretan ibiltzea, pertsonaia historikoak daude, benetako pertsonen biografia egiten da gero fikzioa egiteko. Ildo beretik doaz bi nobelak, nahiz eta hau askoz anbiziotsuagoa den literatur aldetik. Sufritu egin duzu hau idazten? Bai. Pasarte batzuetan bai. Idaztean ez; pasarteen gogortasunagatik baino. Adibidez Txomin Letamendiren heriotza, kartzelaldia… Badaude oso pasarte gogorrak eta sufritu egin dut horregatik. Baina ez dut sufritu hainbeste idazteko orduan. Uste dut asko gozatu dudala idazten. Erabakiak ere hartu ditut. Hasieran kontatu behar zuten historia hiru seme-alabek, eta hiru ahots nahastea. Baina gero ikusten nuen ez zuela funtzionatzen horrela. Behar zuela ikuspuntu bat, eta kanpokoa. Idazlearena. Edo historia hori nolabait ilunpetik ateratzen ari denarena. Kronistarena. Eta horrela hobeto funtzionatzen du nobelak hiru ahotsekin baino. Behin erabaki hori hartuta, alegia, idazleak kontatuko zuela, dena oso azkar joan da. Nobela ere azkar irakurtzen da nahiz eta luzea izan. Oso azkar. Eta gainera zure ahotsa sartzea sorpresa bat da irakurraldian. Kontakizuna geratu eta idazlea sartzen da. Horretan erritmoa zerorrek markatzen duzu. Bai. Erritmoa idazleak markatzen du gauza berriak deskubritzen ari den neurrian. Ez nuena nahi zen idazle orojakile bat, historia osorik dakiena, pertsonaiak bere apeten arabera mugitzen dituena. Azkenean, idazlea doa pertsona hauen atzetik. Ni deskubritzen noa gauzak eta gauzak deskubritzen noan neurrian nobela ere norabidez aldatzen doa. Polita da nola idazle bat atzetik doan. Ez dago gainetik, atzetik baino. Pertsonaiei laguntzen bezala. Gauzak ilunpetatik ateratzen. Hori beharrezkoa zen. Azkenean, liburuan kontatzen dena da kontatzen ez den hori. Batez ere 40-50eko hamarkada horiek ez ditugu sekula kontatu. Nobelak badu salaketatik ere. Bai. Eta nahi nuen hori azaldu. Nahi nuen Txomin Letamendi eta Karmele Urresti beren izenekin agertzea, eta baita adibidez Eimar bat, Quintela komisarioa, Muñecas. Nortzuk ibili ziren askatasunaren aldeko borrokan eta nortzuk izan ziren inkisidoreak. Hori beste literaturetan egin da, batez ere Latinoamerikako literaturetan, diktadura luzeak izan dituzten literaturetan, Asian ere egiten ari da. Guk ere egin behar genuen hori. Ze eragin izan du diktadurak gure bizitzetan? Ikaragarria da. Zenbaterainoko lizentzia eman diozu zeure buruari gauzak fikzionatzeko? Gauza asko daude fikzionatuta. Baina ez dira egiatik aldentzen. Esatea Txomin Letamendiren ondoan bere anaia sartzen zela ohean eta kontatzen zizkiola txikitako istorioak nolabait bizirik mantentzeko, bere bizitzari eusteko, hori nik asmatu dut. Baina izan zitekeen horrela, zergatik ez? Edo nola maitemintzen diren Txomin eta Karmele. Nola Txominek kontatzen dion ipurtargiek doinuak egiten dituztela argiarekin, ipurtargi arrek egiten dituzte emeak erakartzeko, eta esaten dio: ‘Nahi al duzu nire kantua entzun?’. Gauza horiek nik asmatutakoak dira baina egiatik hur daudela uste dut. Hizkuntza xehean, erraz, idatzita dago, ohi duzunez. Horretan narradore izan naiz, oso narratzaile. Ez nuen nire digresioetan sartu nahi. Oso gertu joan naiz narraziotik. Eta hizkera zuzena. Uste dut oso hizkera zuzena erabili behar dela gauza gogorrak kontatzen direnean. Hori egiten du Primo Levik. II. Mundu Gerraz ari den idazleek oso hizkuntza garbia erabiltzen dute, inolako iruzkinik gabe, inolako rekreaziorik gabe, minean ez dira rekreatzen. Egiten dute kontatu. Kontaketa garbi hori beharrezkoa zen, batez ere pasarterik gogorrenetan. Dokumentazio lanak Bilbon egin zenituen, eta Bartzelonan. Bietan egin nuen eta AEBetan Mikel Reparaz egon zen laguntzen. Gero egin nituen aurkikuntzak izan dira Internetez. Harrigarriena desklasifikatutako artxiboen web orrialde batean. Bai. “The mission of Letamendi” deitzen zen informe bat zen. William Donovan AEBetako inteligentziaren buruari bidaltzen zitzaiona, 1943an, ingelesez, eta esaten du Txomin Letamendi oso agente garrantzitsua dela eta gainera ez euskaldunek eta ez inork ez duela inoiz jakingo bere lana zein izan den. Hor badago zulo handi bat. Jakin izan nituen gauza batzuk baina badago tarte bat, batez ere 43tik 46ra, ez dakiguna oso ondo zer egin zuen Txominek. Eta ezin izan duzu argitu. Ezin izan dut argitu. Baina OSSren –CIAren aurrekoa– agindupeko eta soldatapeko agentea izan zela bai. Hori amerikarrek beraiek ere onartzen dute. Eleberria garaiko argazki bat ere bada. Bai atzerrikoa, Eresoinkako egonaldia Parisen, Venezuelara erbesteratzea… Baina baita hemengoa ere, gerra aurreko urteak, Bilboko giroa, Manu Sota… Jarri nahi nuen kontraste handi bat. 20-30eko hamarkadan, alde batetik Ondarroa dago, Ondarroako familia, nola ontziak dituzten, lantegia daukaten, ekonomikoki ondo dabilena, ez da arrantzale familia bat gurea bezala. Beste alde batetik, Bilbo agertzen da. Bilbo garai hartan oso aberatsa zen, meatzeak zeuden, portuak ikaragarrizko indarra zeukan, New Yorkera zuzenean joaten ziren Bilbotik, ontziolak, mugimendu kulturala oso bizia zen. Giro horren adierazgarriak dira bai Antonio Gezala margolaria –horregatik aipatzen dut “Artisten gaua Ibaiganen” koadroa– eta Manu Sota, Sota familiako semea, tipo bohemioa, euskaltzalea, era berean oso kultua, konpromiso handiarekin. Bera independentista zen, Jagi-Jagikoa, baina oso Agirre zalea. Agirreren ondoan egon zen beti. Euskal selekzioa sortu zuen, Eresoinka zuzendu zuen, New Yorken ibili zen lehenengo euskal gobernuaren ordezkaritza zabaltzen, hango artistekin kontaktuan jartzen. Oso pertsonaia erakargarria. Oso tipo askea garai hartarako. Eta gero zelako dezepzioa hartzen duen AEBek Francoren alde egiten dutenean. Dezepzioa aipatu duzu. Nola AEBek azkenean Francoren alde egin zuten. Esperantza apurtu baten historia ere bada hau. Azkenean, gure herriaren patua da. Igual gehiegi sinestu dugu kanpoko potentzietan, edo geopolitika globalean. Gure protagonistek uste dute ez zutela beste aukerarik aliatuen alde egitea baino, sinisten zuten hori zela kausa justua nazismoaren eta totalitarismoaren kontra egiteko. Sinestu zuten, lan egin zuten, faxismoaren kontra, eta gero gertatu zen askotan gertatzen den moduan bazterrera utzi zituztela. Dezepzioa handia izan zen eta eragin handia izan zuen gure herriaren bizitzan. Baina galdu egin zuten? Sekula ez dugu erabat galdu euskaldunok, eta hori da politena. Nik horretan sinisten dut. Sekula ez dugu pentsatu behar galdu egin dugunik, jakin izan zuten su txiki horri eusten, euskal kultura babestu zuten, euskara babestu zuten, askatasun gurari horri eutsi zioten, eta gu er beraiengatik gaude orain hemen, eutsi ziotelako. Erabateko galera sekula ez da gertatzen, edo guri ez zaigu behintzat gertatu. Karmele Urresti eta Txomin Letamendi bizi izan zitezkeen Venezuelan ezer egin gabe ere. Bai. Eta seme-alabek ere beren buruari galdetzen diote hori. Liburuko beste pasarte askotan bezala, hor Karmeleren figura agertzen da. Galdetzen dio Txomini: ‘Zergatik bueltatu behar dugu orain? Ez al dugu nahikoa eman Euskal Herriaren alde?’. Eta haserretu egiten da. Baina gero berarekin doa. Uste dut emakumeek askotan egin dutela hori. Karmele Txomin baino inteligenteagoa zen, baina hala ere… Jarraitu egin zion. Bai, jarraitu egin zion. Liburua hainbat hizkuntzatan kaleratu da, eta gaztelaniazko bertsioa euskarazkoa baino lehenago irten da. Horrekin egurra jaso duzu. Gaztelaniazkoa iritsi zen liburu dendetara pixka bat lehenago. Ideia zen, jakina, denak batera ateratzea, baina ezin izan zen arazo tekniko batzuengatik. Uste dut beldurra ere bazegoela euskarazko ez ote zuen jango gaztelaniazkoak, baina ez da horrela gertatu. Euskarazkoa sekula baino hobeto joan da. Asko irakurri da, milaka eta milaka ale saldu dira. Orduan, uste dut batak besteari lagundu egin diola. Menpekotasunik ere ez dago. Euskarak ez du gaztelaniaren menpekotasunik. Alderantziz igual, gaztelaniazkoak dauka euskarazkoarekiko menpekotasuna, hemen, Euskal Herrian. Iritziak iritzi, datuak ikusita, uste dut ondo atera dela. Datuak paper gainean jarrita euskarazkoa oso ondo joan da, ez da gutxiago saldu, asko saldu da. Ez dio itzalik egin. Idazten duzuna idazten duzula, Ondarroak sekulako pisua du zure literaturan. Ondarroa da nire Makondo, nire Obaba. Nahiz eta Ondarroa izena eduki. Izen hori izanda ere ez da benetako Ondarroa, Ondarroa nik nola ikusten dudan baino. Bada alegiazko Ondarroa bat, nahiz eta izenik ez aldatu. Zuk kokatzen badituzu zure historiak toki txiki batean, baina historia horiek lotura baldin badute munduko beste edozein irakurlerekin ez du inolako estutasunik sortu behar. Niri gustatzen zait. Hemendik aurrera ere hitz egingo dut. Sekula ez dugu pentsatu behar galdu egin dugunik, jakin izan zuten su txiki horri eusten, euskal kultura babestu zuten, euskara babestu zuten, askatasun gurari horri eutsi zioten eta gu ere beraiengatik gaude orain hemen, eutsi ziotelako. Erabateko galera sekula ez da gertatzen, edo guri ez zaigu behintzat gertatu. Ezin nuen historia hau idatzi ‘Bilbao-New York-Bilbao’ idatzi nuenean. Ez nintzen gai idazle moduan. Nik beti idatzi izan dut ahal dudana eta oraingoan ere bai.