Egungo txapeldunek ez diote inori aukerarik eman nahi
Atutxak eta Mugertza II.ak mendean hartu zituzten Arria V.a eta Otaegi.
Aitzol Atutxak eta Ugaitz Mugertzak eta Iker Vicentek eta Ruben Saralegik irabazi dituzte Urrezko Aizkorako Binakako Txapelketako hirugarren jardunaldiko bi norgehiagokak, Zestoako Iraeta auzoan eta Beizaman jokatutakoak.
Egungo txapeldunak lehen jardunaldian garaipena lortuta zetozen bigarren jardunaldira, baina han Otaegi eta Arria V.a zituzten aurrean, eta azken bikote hau ere oso indartsua da. Bazegoen ikusteko gogoa, baina txapeldunek eraman zuten horretan ere garaipena.
Bi egunetan ere lan berbera izan zen, ondorengo hauxe: bi 45 ontzako erlojuz kontra ebakitzea, aizkolari bakoitzak enbor bana ebakiz. Ondoren, zutikako kana-erdikoa erdibitu behar izan zuten. Hirugarren lanean, 60 ontzakoa zeinek azkarrago bota lehiatu ziren. Laugarrengoan, berriz, zutikako 45 ontzako bat eta etzaniko beste bat ebaki behar izan zituzten. Eta amaitzeko, berriz, bi kana-erdiko eta lau 60 ontzako ebaki behar izan zituzten.
Lehia oso polita jokatu zen Iraetako pilotalekuan, baina azkenean faboritoek ez zuten hutsik egin eta txapelketa honetako bigarren garaipena erdietsi zuten. Azkeneko probari begira egoten dira ia denak, nahiz eta aurreneko jardunaldietan aurreko proba laburretan erabaki den saioa. Hemen ere bizkaitarrak eta gipuzkoarrak aldetxoa lortu zuten lehen proba laburretan. Azkeneko horretara ere Mugertza eta Atutxa aurretik sartu ziren, eta hor ere hasieran abantaila hartu zuten, baina gero Arriak eta Otaegik aldea laburtu zuten. Hala ere, bizkaitarra eta gipuzkoarra gailendu ziren. Amaieran Atutxak eta Mugertzak 50 segundoko aldearekin irabazi zuten.
Atzo Beizaman jokatu zen saioa ere oso polita izan zen. Saralegik eta Vicentek irabazi zuten, baina gogor lan egin behar izan zuten garaipena lortzeko. Hor ere lan laburrek erabaki zuten auzia. 38 segundoko aldearekin sartu ziren aurretik lan luzera bi nafarrak, eta iraupen proban Eneko Otañok eta Juanjo Lopezek irabazi egin zuten 8 segundoko aldea ateraz, baina ez zen garaipena lortzeko nahikoa izan, eta amaieran 30 segundoko aldearekin irabazi zuten Iker Vicentek eta Ruben Saralegik.
Harri-jasotzea
Harri-jasotzaile gazteen ligaxkako aurreneko bi jardunaldiak ere jokatu ziren aizkolariekin batera, eta Peñagarikano eta Telleria II.a izan ziren bi saioetako onenak. Hemen ere bi egunetan lan bera egin behar izan zuten. 125eko errektangularra, pisu bereko kopa, 113ko kubikoa eta 100eko bola erabili behar izan zituzten. Bakoitzarekin lanean aritzeko bina minutuko txandak izan zituzten.
Herenegun Iraetan Peñagarikanok eta Telleria II.ak lehia oso polita izan zuten, eta amaieran bi jasoaldiko aldea bakarrik egon zen. Peñagarikanok 62 altxaldi lortu zituen eta bi gutxiago berriz, Telleria II.ak. Azken honek, ordea, atzo bertan izan zuen hurrengo neurketa, Jagoba Otaegiren aurka, eta horretan garaipena erdietsi zuen.
Gaztedi eta Sokarri izan dira jardunaldiko onenak
Gaztedi eta Sokarri izan dira Euskal Herriko Goma Gaineko Txapelketako jardunaldiko bi onenak. Mutilak 640koan lehiatu ziren, eta maila honetako aurreneko saioa zen. Bi jardunaldi jokatu ostean, sei onenek lortuko dute finalerako txartela. Sokarri izan zen onena, eta atzetik, Gaztedi, Murueta A, Ibarra, Beti Gazte, Zuraide, Abadiño, Ñapurrak, Gabadi, Murueta B, Mutriku eta 6 Conceyos sailkatu ziren. Neskak 405 kilokoan lehiatu ziren. Gaztedi izan zen onena, eta atzetik sailkatu ziren Ibarra eta Txantrea. J.L.