Surflari ernegatua

Ongi etorri gure artera Xua maitea

Izenik gabeko poeta brasildar bat ote zen edo Lisboa inguruko zokoren batean jaio zen ez dakigu; haren idatziak ordea, norbaitek aurkitu zituen eta egun milaka dira idazle ezezagunaren hitzak abesten dituzten munduko haurrak. Gaurko kontuekin jarraitu aitzin, “surf” hitza aipatuko dut, gaurkoan bederen berriz errepikatuko ez dudala esan eta, aldi berean, zutabe hau idazteko jartzen didaten gutxieneko baldintza, modu itsusian bada ere, bete dezadan.

Abestiak dio itsasoan igeri egitera atera zela Xua, jakingurak elikatzen zuen izaki txikia, eta bidean topatu zuen olagarro dantzari bati galdetu ziola ea zenbat hanka zituen. «Ez dira hankak», erantzun zuen hamarratzak, «nahi dudan hori besarkatzeko aukera ematen didaten beso luzeak dira».

Igeri jarraitu zuen jakin- minaren goseak. Oskol eder bat izan zen parean topatu zuen hurrengo izakia, eta galdegin zion: «zein etxe bitxia zurea, zergatik daramazu soinean?». Bi maskorrak aho bat balira bezala mugitu ziren, esateko logurak mendean hartzen zuenean babes hartzeko etxola berezia zela berea, eta azken hitzarekin batera oskola zerratu zen. Loak atxiki zuen antza.

Lagun berria iratzartzeko asmorik gabe igerian jarraitu zuen galderen tenplu ibiltariak, manta arrain bat ikusi zuen arte. Halako hegalak zertarako zituen galdegin, eta hark, erakustaldi bat egin zion. Haizeak eragiten dituen maindireen gisara mugitzen zen, dotorezia apalean, baina ziztu bizian. Horrela egin zituen itzuli bat eta bi, eta hirugarrenean, ezerezean desagertu aitzin, hau erantzun zion: «Izara moduko hegatsak ditut itsasoan barrena hegan egin eta zerumugaz haraindi joateko».

Harri eta zur geratu zen izakitxoa, noraezak zorabiatuta eta bideari ekin behar zionean amu batekin kausitu zen. «Zergatik duzu bihurgune itxura?», egin zion galde arraintxoak, eta orduan, «alde hemendik! Azkar! zoaz!», oihukatu zion galdera ikurrak. Beldurrak isatsa eraginarazi zion, zorionez, eta jakin- minak itzultzeko esaten bazion ere, igerian jarraitu zuen, argi zuri handi batekin topo egin zuen arte. Honela etorri zen mundura urtarrilaren 19an, porlan eta barrote artean, abesti zoragarri honetako protagonistaren izena duen jaioberria. Espainia hegoaldeko espetxe batean jazo zen miraria. Ongi etorria gure artera, Xua Lasagabaster Uranga.