Fredi Paia
Bertsolaria
JO PUNTUA

Bigarren arima

2007ko urtarrilean oroitzapenera sarri datorkidan pertsona bat ezagutu nuen, nire egun eta hil berean jaiotako Mari izeneko 82 urteko andre lemoiztar bat. Ez dakit bizi ote den, aspaldi ez natzaio joan bisitan. Etnografoa gomendagarria dena baino askoz gehiago dabil segadunaren zerrendan goiko postuetan dabiltzanekin. Eta 2013ko bost enterrutako aste hark zein Melitonengatik galdetu eta bere andrea negarrez hasi zitzaidan egunak nigan izan zuten eragina aztertu ostean, Serrati kasu egitea erabaki nuen: «Es hermoso partir sin decir adiós, serena la mirada, firme la voz».

Zortzi goiz eman nituen Mariren etxean. Eta gaur da eguna hainbat pasarte hitzez hitz gogoratzen ditudana. Barruan iltzatuta geratu zitzaizkidan, buruaren filtrotik igaro gabe. Guaraniek ñe`ë edo hitz-arima deitzen dutenaren antzeko efektua izan dute nigan. Inprobisatzaile guaraniek esaten dute badaudela entzulearen gogoan betiko geratzen diren bertso batzuk, burutik sortutako hitzekin barik, arimak sortutako hitzez osatuak direlako. Lar hippya esango duzue zuetako batzuek, baina ñe`ë-ak erabiliz inprobisatzaileek jendea hil zezaketela sinesten zuten guaraniek.

Lemoizeko zentral nuklearra dagoen lekuan zegoen Barasordako kalan, irailaren 8an ospatu ohi zuten jaiari buruz zebilen Mari ñe`ë bat jaurti zuenean: «Egun hatan danok gengozan kariñoso, badakizu, bigarren arimek urten.» Orduz geroztik sarriagotan erabiltzen hasiko zen «bigarren arima»-ren kontzeptua. Ideia sakona bezain iraultzailea. Sakona kontzeptu bakarrean kristautasuna hankaz gora jarri eta Freuden barne batasun ezaren ideia barnebiltzen dituelako. Iraultzailea, gure alderdirik onena gordetzen duguna dela iradokitzen duelako, gure moralak, sare sozialek eta guk geuk uste dugunaren aurka. Jendeak norbait suntsitu gura duenean egin ohi duen lehen gauzetako bat bere bigarren arima suntsitzea da, barne aldaketa etengabearen aukera ukatzea.

Zer izango ote du Marirentzat gure alderdirik onena den bigarren arimak, besteei erakusteak gu horrenbeste beldurtzeko?