Iratxe Esnaola
Hezkuntzan doktorea
JO PUNTUA

Umezurtz digitalak

Los nativos digitales no existen” liburua argitaratu berri da gaztelaniaz. «Natibo digital» goitizena zalantzan jartzera dator. Sortzen duen marko kontzeptuala deuseztatzera. «Natibo digitala» izateak gaitasun batzuk barnebiltzen dituela ematen baitu aditzera, berez, gaur egun, tresna eta gailu digitalez inguratuta jaio direnei deitzeko erabiltzen denean.

«Natibo digitala» kontzeptua, hasiera batean, Marc Prensky idazle amerikarrak sortu zuen, 2001ean. Berez, teknologietan konpetenteak ziren ikasleak deskribatzeko erabili zuen Prenskyk, baina denborarekin, 2000. urtetik aurrera jaio diren guztiak deskribatzeko kontzeptu gisa erabiltzen da. Eta hortik dator nahasmena, ziur aski: jaiotze-data eta konpetentzia digitalak bateratu dituen kontzeptua baita «natibo digitala». Eta oso sinesmen okerra zabaltzea lortu du.

Ustez natibo digitalak diren haur eta gazteek tresna eta aplikazio zehatz eta gutxi batzuk erabiltzen dituzte. Eta erabiltzaile soilak dira. Ordenagailuz eta gailu digitalez inguratuta jaiotzeak ez baitu gailu eta tresnen erabilera ulertzea eta kontrolatzea esan nahi. Ibilgailuz inguratuta jaio garenok ere, ez garelako ibilgailu bat gidatzeko gauza, ikasi arte. Mundu digitalean berdin.

Are, haur eta gazte hauek sekulako gabeziak dituzte tresna digitalen erabileran: ez dira segurtasun neurrien beharraren kontziente; ez dira euren aztarna digitalarekin kezkatzen; eta ez dira, esaterako, kalitatezko bilaketak egiteko gauza (Google bilatzaile bakarra dela esango lukete askok).

Liburuak gurasoak eta etxekoak seinalatzen ditu (euren gaitasun falta ere hartzen du mintzagai). Eta natibo digitalak baino, umezurtz digitalak direla dio. Gailuz hornitu arren, erabilera arduratsurako jakintza eta trebakuntza nahikorik ez dutelako.

Eta egia da: etxean eta instituzioetan politika teknologikoen aldaketarik egiten ez bada, umezurtz digitalak sortzen jarraituko dugu: erabiltzaile digital hutsak, irizpide eta kontzientzia digitalik gabeak.