GARA Euskal Herriko egunkaria
errugbia

Biarritzek ongi ikasi du Top 14rako bidea nondik egin behar duen


Biarritzek abiada hartu du, eta badirudi orain geratzea ez dela erraza izango. Herenegun gauean aurkari zuzen bat, Angulema, hartu zuen mendean 12 eta 19, eta garaipena, gainera partida amaitzeko hiru minutu falta zirela heldu zen. Giressek egin zuen lapurtarren entsegua, eta Lucuk gauzatu egin zuen. 

Partida ez zen ona izan, baina hemendik aurrera garrantzitsua irabaztea da zuri-gorrientzat igoerako amets hori gero eta gertuago izateko. Lucu izan zen berriro ere protagonista, gauzatzeaz gain, lau zigor-kolpe ere lortu baitzituen.

Top 14an Avironek ez dauka hutsik egiteko tarterik, eta gutxiago etxean jokatuta. Brive hartuko du bihar 12.30ean Jean Dauguer estadioan. Frantziarrak ere beheko postuetan daude, eta erreakzionatzeko aukera ona izan daiteke biharko partida.

Ohorezko Mailan, gaur, 16.30ean Bizkaia Gernikak Konplutentse hartuko du. Bihar, berriz, 12.00etan, Hernanik Santboianan jokatuko du. 12.30ean, Getxok Santanderren Independienteren aurka, eta Ordiziak Quesos hartuko du Altamira zelaian.

Federal 1 Mailan, berriz, Angeluk bihar 14.30ean jokatuko du Rouenen zelaian, eta ordubete geroago hartuko du etxean Donibane Lohizunek  Olorue. Federal 2 Mailan, derbia izango da Hendaian, lapurtarrek Nafarroa hartuko baitute 15.30ean. Ordu erdi bat lehenago jokatuko du Maulek Saverdunoieren zelaian, eta ordu berean Bokale Lannemezanen zelaian arituko da nor baino nor.