GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Une «zentripetua» bultzatu eta baliatzeko erronka


Arriskutsua izaten da fisikako kontzeptuak politikara arinki pasatzea. Behin hori esanda, erakargarria iruditzen zait indar zentripetuaz hitz egitea geurean eta, zehazki, euskal lurraldeen arteko harremanei eta herri gisako jarduerei buruzko gogoetan kohesioa sakondu eta menpekotasunak kolokan jartzeko joerei erreparatzeko. Zentripetua, beraz, barnera, erdialdera, komunera jotzen duena definitzeko erabilita, hau da, metaforikoki.

Aipatu prekauzioez, Euskal Herrian joera zentripetuak indartzen ari direla uste dut. Zentripetutasuna bi mailatan atzematen dut. Batetik, herri gisako ikuspegia eta estrategiak duela urte batzuk baino indartsuagoak ikusten ditudalako, arazoak arazo, ez baitago espainiar edo frantziar alternatibarik. Ez da Madril edota Parisetik etorkizun duinik etorriko.

Bestetik, euskal lurraldeen arteko harremanak beste estadio batean sartu direlako, Nafarroako jendartearen aldaketa gogoa instituzioetara iritsita eta instituzionalizazio prozesuaren urratsaz Euskal Herri kontinentalean, sakoneko arazo eta erronka komunak gero eta agerikoagoak direlarik.

Indar endogenoak garatzeko aukera da hau, baliatu eta garatu beharko genukeena. Ez da zerutik erori, borroka ezberdinen ondorioa da, batez ere. Baina oroitu beharko genuke beste halako uneak bizi izan direla gure ibilbide historikoan, arrazoi bat edo bestea zela zapuztu direnak. Akats larria litzateke garaia berez indar zentripetuaren bidetik joanen dela pentsatzea. Herritar eta eragileen eskuetan dago joera hau areagotzea eta urrats berriak egitea, gidoia aurretik idatzita ez dagoelarik.

Izan ere, joera zentrifugoak ez dira desagertu. Paktismoa, lurralde zatiketaren aldeko apustuak, estatu mailako ikuspegiak, lehia bizi-bizirik dago, eta ez da erraza izanen, baina ez genuke aukera galdu beharko. Metaforekin segituz, indar zentrifugoak zentrifugatzeko garaia da gurea.