Jon LEUNDA
Aizkora

Gazteek euren mailarik onena emateko txanda iritsi zaiela aldarrikatu nahi dute

Ruben Saralegik eta Iker Vicentek, Donato Larretxearen eta Jon Rekondorenaurka neurtuko dituzte indarrak, Binakako Txapelketako norgehiagokan.

Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketa Leitzara joango da, bihar hantxe jokatuko baita B multzoko azkeneko jardunaldia 12.00etan hasita. Alde batetik, Rekondo eta Larretxea arituko dira, eta bestetik, berriz, Vicente II.a eta Saralegi.

Garrantzitsua izango da saio hau, izan ere, lehen postua egongo da jokoan. Eneko Otaño eta Juanjo Lopez geratuko dira azken, jokatutako biak galduta baitaude, eta bihar gertatzen dena gertatuta ere, lehen fase honetan euren multzoan azken izango dira. Ikusmina piztu duen neurketa da hau, gaztetasuna eta eskarmentua izango baitira aurrez aurre.

Jon Rekondok eta Donato Larretxeak eskarmentu handia dute honelako lehiaketetan, eta biei ongi doazkien lanak egin beharko dituzte. Ruben Saralegi eta Iker Vicente oraindik oso gazteak dira, baina jadanik onenen mailan sartuta daude, eta eurengan itxaropen handiak daude. Lan ona egingo dute bi lehengusuek, eta agian askorentzat faborito ere izango dira.

Harri-jasotzaileen lehiaketako norgehiagoka ere izango da leku berean eta ligaxkako hirugarren jardunaldia jokatuko da. Bertan Otaegi eta Eizagirre izango dira aurrez aurre, eta bientzat izango da neurketa garrantzitsua, baina batez ere Otaegirentzat. Aizarnakoak saio bat jokatu du, eta bera galduta dago. Eizagirrek, berriz, oraindik ez du bakar bat ere jokatu. Oraingoz sailkapenean Telleria doa lehenengo, bi jokatuta, bat irabazi eta bat galduta. Atzetik Peñagarikano agertzen da, bat jokatu eta bera irabazita.

Sokatira

Gaur bertan, aldiz, Euskal Herriko Goma Gaineko Txapelketako jardunaldia izango da Idiazabalen, 17.00etan. 640ko bigarren jardunaldia jokatuko da mutiletan, eta hortxe jakingo da finalean zeintzuk izango diren. Nesken kasuan, 405ekoan lehiatuko dira. Hemen hiru talde bakarrik ari direnez, hiru jardunaldiko ligaxka jokatuko dute, eta horren ostean jakingo da zein den txapelduna. Gaur bigarrena dute.

Mutiletan, lehen jardunaldian Sokarri izan zen onena, eta atzetik Gaztedi, Murueta A, Ibarra, Beti Gazte, Zuraide, Abadiño, Ñapurrak, Gabadi, Murueta B, Mutriku eta 6 Conceyos sailkatu ziren. Guztiak gaur Idiazabalen arituko dira lanean.

Nesketan, berriz, Gaztedi, Ibarra eta Txantrea lehiatu ziren. Saio bakoitzean bi jardunaldi egin zituzten, eta bietan Gaztedi atera zen garaile, eta atzetik Ibarra eta Txantrea sailkatu ziren.