J.L.
PILOTA

Iritsi zaie Larralderi eta Ducassouri lehiaketan sartzeko ordua

Berezkoen Buruz Burukoa bere unerik onenera sartzera doa, finalerdietako ligaxka abiatzera baitoa. Bihar Donapaleun, eta etzi Donibane Garazin jokatuko dira lehen norgehiagokak, eta aldi berean egungo bi onenak, Ducassou eta Larralde, lehen aldiz aurtengo lehiaketan ikusteko aukera izango da.

Donapaleun bihar Larralde eta Bilbao arituko dira nor baino nor. Larralde Superprestigioa irabazita dator, eta indarrez gainezka. Bilbao saiatuko da aurreikuspenak zapuzten eta lehen puntua lortzen. Jaialdia 16.00etan hasiko da, eta orduan Bigarren Mailako finalerdietako ligaxkako partida izango da. Elgart eta Etxegarai izango dira aurrez aurre.

Donibane Garazi

Etzi Donibane Garazin, Garat trinketean, jokatuko da bigarren norgehiagoka eta han Ospital eta Ducassou lehiatuko dira. Ospitalek galtzeko ezer gutxi dauka, eta ikusi beharko da ea Battitta Ducassouk pasa den asteko Superprestigioko finalari buelta eman dion ala ez. Hala ere dirua haren alde aterako da. Jaialdia 16.00etan hasiko da, eta lehenik Bigarren Mailako partida jokatuko dute Monzek eta Benesek.