JAN. 30 2017 ZIRIKAZAN Astirik galdu gabe Josebe EGIA Bagenekien hasiko zela, eta halaxe jarraituko duela, bere herrialdea «garbitzen». Ezer baino lehen, bere aurrekoaren arrasto politiko oro ezabatuko zuela, alegia, berdintasun eta justizia sozialaren aldeko ekimen guztiak. Estatu Batuetako presidente karguaz jabetuta, astirik galdu gabe hasi da ezabaketa-lan horretan: erreforma sanitarioa, berdintasunerako agenda, ingurumena babesteko proiektuak; Etxe Zuriaren webgunetik, besteak beste, lesbianen, gayen, bisexualen eta transexualen eskubideak, genero-indarkeriaren gaineko informazioa eta gaztelaniazko bertsioa (55 milioi lagunek baino gehiagok hizkuntza hori hitz egiten duten herrialdean). Zer bestela, emakumeak eta heterosexualak ez beste guztiak eta «estatubatuar petoak» ez direnak gorroto dituenak; zer bestela, arraza-supremazian, nagusitasun ekonomikoan eta tirania sozialean baino sinesten ez duenak. Bagenekien, kanpora begira ere, bere parekoengana joko zuela astirik galdu gabe, nagusiki harreman komertzial eta militar jakin batzuk blindatzeko. Joko zuela bera bezain eskuindarrak eta arrazistak eta xenofoboak, eta herrialde gisa boteretsuak, diren europar horiengana. Lotsaren Europarengana, alegia. Badauka non hautatu, muturreko eskuinaren loraldi penagarri honetan. Bagenekien hori guztia, inpotentziaz jakin ere; halere, astirik galdu gabe hasi denean, ikara hutsa eragiten du Donald Trumpek. Ikara, ezen halako errespeturik ezak nahiz harrokeriak ezin baitute besterik eragin, gure garaia halako pertsonaien mende dagoela pentsatzen hasiz gero. Ifrentzuan, hori bai, harrotasun- eta elkartasun-olde izugarria Estatu Batuetako bestelako milioika herritarrenganako, beren zoritxarrerako presidente hautatuaren kontra sutsu egiten ari direnenganako. Motzean: pertsona guztion arteko berdintasunean eta era guztietako aniztasunean oinarrituriko jendartearen alde borrokatzen eta borrokatuko direnenganako. Izan ere, astirik galdu gabe, munduak jakin dezan nahi dute: «Presidentea ez da Amerika, haren gobernu-kabinetea ez da Amerika, Kongresua ez da Amerika. Amerika geu gara, eta ez dugu alde egingo». Botere politikoko Europa hau zu eta biok ez garen bezalaxe. Pentsatze edo esate hutsarekin, ordea, mesede egiten ari gatzaizkie. Deserosoak izan gaitezke agintarientzat, baina beste ezer ez. Aktibismoa, politikoa eta soziala, beti izan da beharrezkoa, aro guztietan, eta orain ere behar-beharrezkoa dugu: han eta hemen, zurea eta nirea. Astirik galdu gabe.