GARA Euskal Herriko egunkaria
TRIATLOIA

Euskal egutegi oparoa lanari ekiteko prest da

Barakaldoko Duatloi Krosak emango dio hasiera, larunbatean, gero eta banatuago dagoen zerrendari.


Euskadiko Triatloi Federazioak 2017rako antolatutako egutegi mardulak datorren asteburuan ekingo dio bideari Barakaldoko Duatloi Krosarekin. Guztira, duatloi eta akuatloiak barne, 40 proba jokatuko dira iraileko azken asteburura artean, eta horiei Nafarroako Federazioak antolatutako beste 25 bat gehitu behar zaizkie. Ipar Euskal Herriko lauzpabost gehitzen baditugu –zirkuitu propiorik izan ez arren–, argi dago triatloiaren gorakada parte-hartzaile kopuruan soilik ez, egutegietan ere ederki igartzen dela.

Hori bai, egutegien banaketak Euskal Herriak bizi duen banaketa administratiboa ere ondo agerian uzten du. Are gehiago, aurten Euskal Herriko Zirkuitua bertan behera gelditzen da eta Euskadiko Zirkuitua izatera pasatuko da. Orain arte Nafarroako zenbait proba Euskal Herriko Zirkuiturako puntuagarriak ziren, EAEko besteekin batera –iaz sei izan ziren–, baina aurten jada ez da horrela izango. Federazioko arduradunek aipatzen dutenez, proba bakoitzaren koefizienteak bateratzeko eta emaitzak kudeatzeko modu desberdinek sortutako arazoek bultzatu dituzte erabakia hartzera.

Euskadiko Federazioaren egutegiari dagokionez, duatloi denboraldiak hamaika proba izango ditu, lau distantziatan, sprint, motz, erdi eta luzean. Lasterketak otsail, martxo eta apirilean izango dira, zazpi Bizkaian eta lau Gipuzkoan, eta Euskadiko txapelketak honako hauexek izango dira: sprint distantziakoa Eibarren, distantzia motzekoa Oñatin eta distantzia luzekoa Aizarnazabalen.

Triatloi denboraldia apirilaren 29an hasiko da eta 23 proba izango dira: 11 Bizkaian, 11 Gipuzkoan eta bat Araban. Euskadiko Txapelketak ere jokatuko dira hiru herrialdeetan barrena: sprint distantziakoa Lekeition, distantzia olinpikoa Sestaon, distantzia erdia Bilbon eta distantzia luzekoa Gasteizen. Distantzia erdiko probak Zarautzen eta Gasteizen ere izango dira, eta neurri oso motzekoak (supersprint) ere egongo dira hasiberrientzat: Donostiako Emakumeen Triatloia eta Triatloi Familiarra, esaterako, edo Sestaoko Herri Triatloia, kasu.

Akuatloiei dagokienez, bi proba jokatuko dira, biak Bizkaian, bata Plentzian eta bestea Barakaldon. Plentziakoa Euskadiko Txapelketa ere izango da. Kross modalitatean bi duatloi (Barakaldo eta Galdakao, Euskadiko Txapelketa izango dena) eta triatloi bat jokatuko dira, Legution. Neguko triatloia Izaban egingo da, Nafarroan egingo den bakarra eta Euskadiko zein Nafarroako txapelak banatuko dituena.

Nafarroako egutegian, Izabakoarekin batera beste 24 proba agertzen dira. Duatloiak hamar dira guztira, eta herrialdeko txapelak banatuko dituztenak hauexek: sprint distantziakoa Altsasun, distantzia motzekoa Arbizun eta taldekako erlojupekoa Eguesen (ez dugu sartu testua laguntzen duen egutegian).

Triatloiak, negukoa alde batera utzita, 14 antolatuko dituzte. Nafarroako Txapelketatzat balioko dutenak beste hauek dira: sprint distantziakoa Tuteran, distantzia olinpikoa Aritzalekun eta distantzia erdia Iruñean. Kross modalitateko txapelak Aiegin banatuko dira eta taldekako erlojupekoa Donibane Kirol Elkarteak antolatuko du.

Iparraldera begira jarrita, Senpereko Triatloia (apirilaren 29an eta 30ean), Ziburukoa (ekainaren 17an), Donibane Lohizunekoa (irailaren 9an) eta Biarritzekoa (urriaren 22an) aipa daitezke. Eta Senperen bertan, irailaren 2an, akuatloia ere jokatuko dute, Akitaniako Txapelketa izango dena.

Sari banaketa Itziarren

Triatloizaleak denboraldi berriari begira dira jada, baina aurreko igandean urteroko Euskal Herriko duatloi eta triatloi jaia ospatu zen, Euskadiko Federazioak antolatuta eta Nafarroako federazioaren laguntzarekin Gala Itziarko Salegi jatetxean egin zuten, eta bertan 2016ko triatleta eta duatleta onenak saritu zituzten.

Ekitaldian, Euskal Herriko triatloi munduko bi kide historiko omendu zituzten: Xabier Oianeder, Gipuzkoako eta Euskadiko Triatloi federazioen fundatzailea, eta Iñaki Andres, K3 Hiru Kirolak elkartearen eta Basauriko Duatloiaren sortzailea.

Nerea Arregi, Antxintxika Servimasa Triatloi Taldeko gipuzkoarra, eta Aitor San Vicente, BilbaoTri Triatloi Taldeko bizkaitarra, izan ziren duatloiko sariak jaso zituztenak; eta Ibone Sanchez (Diablillos de Rivas) eta Urko Herran (Araba-Tri) arabarrak, triatloian txapela bereganatu duten kirolariak. Duatloiko podiumak Leire Etxezarretak eta Inmaculada Ruizek, emakumezkoetan, eta Javier Goitiak eta Joseba Plagarok, gizonezkoetan, osatu zituzten. Triatloian, berriz, Helene Alberdik eta Estefania Gomezek; zein Ander Garciak eta Unai Gastañaresek.

Taldeka, duatloian Araba-Tri elkarte arabarra izan zen 2016ko onena, eta triatloian ere talde berak jaso zuen garaikurra bai emakumezkoetan bai gizonezkoen mailan ere.

Agustin Mendez, Euskadiko Triatloi Federazioko presidentea; Kepa Rodriguez, Bizkaiko Federaziokoa; Iban Perez, Gipuzkoako Federaziokoa; eta Aintzane Argaiz, Arabako Triatloi Federazioko presidenteordea, izan ziren sariak banatu zituztenak.