Mikel Aramendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Bufoi boteretsua

Duela hamar urte Vaffanculo eguna antolatu eta ikusgarrizko arrakasta lortu zuenean, Europa mailako gogoeta politikoen aztergai bihurtu zen ordura arte ia Italian soilik ezaguna zen Beppe Grillo. Maiseaketarako, noski. «Batek daki zer gerta daitekeen herrialde horretan», entzuten zen... Coluche inoiz existitu ez balitz bezala.

Handik bi urtera 5 Stelle mugimendua plazaratu zenean, asuntoa ez zela ahuntzaren gauerdiko eztula ebatzi zuten gehienek... eta arazoa ez zela Grillo igarri zuten burutsuenek. Hala ere, egunkari serio eta handiren batek «Europako gizonik arriskutsuena» zela deliberatu zuen. Hori bai begia!

Grillo eta Trump parekatzea iraingarria da. Lehenarentzat, jakina. Grillok inoiz ez du bere bufoitasuna ukatu, ez ezkutatu, goretsi egin du; alderantzizkoa egin nahi du Trumpek bere bufoikeriak seriotasunez mozorrotuz. Bost Izarrak mugimenduaren praxi politikoak, bestalde, kontraesanak eta katramilak baditu, baina inork ezingo dio oinarrizko koherentzia ukatu; Trumpen koherentziak «egitate alternatiboen» mailakoa izan beharko du... Eta zer esanik ez norabideari dagokionez.

Alderik handiena, hala ere, boterean datza. Ez Grillok pertsonalki ez bere inguruko mugimendu politikoak, orain arte bederen, ez dute botere handirik erdietsi. Zoritxarrez, agian. Trump, ordea, munduko gizakirik boteretsuena bilakatu da prozesu tragikomiko baten ondorioz.

Horren emaitza dira, norbanakoen mailan, jada AEBetako aireportuetan jazotzen ari diren drama humanoak; maila diplomatikoan, Mexikorekin sutu den krisi politiko erraldoia; eta maila intelektualean, Zientzialari Atomikoen Buletinak kudeatzen duen Doomsday Clock adierazgailua 30 segundo aurreratu izana: gizateriaren akabera erakar dezakeen anabasatik bi minutu eta erdira gaude orain. 1953an norgehiagoka nuklearra abian ipini zeneko parean. Eta ez da arinkeriaz, hedabideei begira, egiten den urratsa, ez.

Bufoi harro bati ikaragarrizko boterea eman zaio.