GARA
SANA

Yemengo matxinoek Saudi Arabiako ontzi bati egin diote eraso Itsaso Gorrian

Saudi Arabiako gerraontzi batean zihoazen bi militar hil ziren joan den astelehenean Yemengo matxino huthiek beren gain hartu duten eraso ausartean.

Erasoa jasan zutenek esan dute «eraso suizida» izan zela, eta matxinoen bi ontzi txikik esku hartu zutela operazioan. Bertsio horren arabera, ontzi horietako batek saudiarabiarren gerraontziaren popa ukitzea lortu zuen, leherketa eta sute bat eraginez. Tripulazioak sua itzaltzea lortu zuen eta erasotako ontziak aurrera jarraitu ahal izan zuen. Riadek zuzentzen duen koalizioko indarrak ihes egindako erasotzaileen bila ibili ziren.

Huthien inguruko Al-Masirah telebista kateak oso bestelako bertsioa eskaini du. Misilak erabili omen zituzten erasotzaileek, Al-Hudaida probintziako itsasertzetik gertu egindako operazioan. “Al-Madinah” izeneko gerraontzia izan zen jomuga. Une horretan 176 lagun zihoazen ontzian. Helikoptero militar bat ere bertan zegoen.

Al Manar Libanoko Hizbullah mugimendu xiitaren inguruko telebista kateak adierazi du “Al-Madinah” Saudi Arabiak zuen ontzi onenetakoa zela, helmen handiko misilak ere jaurtitzeko gauza zelako.

Desnutrizioa

Yemenek bizi duen gerrak ekarri duen egoerak muturreko malnutrizioa eragin die bertako ume askori. Unicef Nazio Batuen agentziak atzo emandako datuen arabera, orain hiru urte 160.000 ume zeuden gosea pasatzen, eta egun 462.000 daude. «Yemengo egoera hondamendia da», dio Unicefek.