FEB. 06 2017 sokatira 640 kiloko mutilen finala bertan behera geratu da Talde batzuek oinetakoetan erabiltzerik ez dagoen produkturen bat emanazutela ohartu ziren epaileak, eta saioa ez jokatzeko erabakia hartu zuten. Jon LEUNDA Euskal Herriko Goma Goma Gaineko Txapelketako bi final ziren jokatzekoak herenegun, baina azkenean emakumezkoen 405 kilokoa bakarrik jokatu zen. Mutilen 640koa, berriz, bertan behera geratu zen. Sokarri, Murueta A, Beti Gazte, Zuraide, Gaztedi eta Ñapurrak ziren lehian aritu behar zuten taldeak, eta lanean hasi ere egin ziren, baina azkenean bertan behera utzi zuten finala. Behin lanean hasita, talde bateko tiralariek oinetakoetan goman itsasteko produkturen bat emana zutela ohartu ziren epaileak. Ondorioz oinetakoak aldatzeko agindua eman zieten, baina berriro ere arazo bera zutela ikusi zuten, legez kanpoko zerbait zutela. Orduan, konturatu ziren beste talde batzuetakoek ere gauza bera zutela, eta, ondorioz, finala bertan behera uztea erabaki zuten. «Aurrena talde batek oinetakoetan legez kanpoko zerbait zuela konturatu ginen, zerbait gomaren gainena itsasteko emana. Ondoren oinetako horiek aldatzeko agindu diegu, eta, aldatu dituztenean, berriro ere dena berdin zegoela ikusi dugu. Baina gero, beste bigarren talde bat harrapatu dugu gauza berarekin, eta baita hirugarren bat ere, eta orduan mutilen finala bertan behera uztea erabaki dugu», esan zuen Juan Miguel Ranero epaileak, aldi berean Bizkaiko Herri Kirol Federazioko presidentea denak. Orain, final honekin zer gertatuko den Euskadiko Herri Kirol Federazioak erabaki beharko du. «Dena bertan behera uztea erabaki da, eta orain Euskadiko Federazioari dagokio honi buruzko erabakia hartzea. Gaur ikusten genuen jarraitzerik ez zegoela. Jadanik tiraldi batzuk eginak zeuden, eta onena ez jarraitzea zela erabaki dugu», adierazi zuen Ranerok. Neskak bai Neskak, berriz, 405 kilokoak lehiatu ziren, eta hor ez zen arazorik izan, eta normaltasunez egin ahal izan zen saioa. Hiru talde besterik ez dira maila honetan, eta hiru jardunaldiko ligaxka jokatu dute. Herenegungoa azkena zen, eta, aurreko bietan bezalaxe, Gaztedi izan zen onena. Hala, lehendik ere ia dena garbi baldin bazegoen ere, Gaztedik jantzi zuen txapela. Gaztedik irabazi zituen bi txandak, baina biak oso ezberdinak izan ziren. Aurrenekoan aise ibili ziren gorriak, tiraldi guztiak ongi irabaziz. Ondoren Ibarra sailkatu zen, bizkaitarrekin galdu eta Txantreari irabazita. Ia-ia txapela buruan zutela jokatu zuten azkeneko txanda, eta aldaketa bat edo beste ere egin zuten bizkaitarrek, eta horrekin pisua ere galdu egin zuten; bigarren txandan arazo gehiago izan zituzten, baina azkenean berriro ere tiraldi guztiak irabazi zituzten. Ondorioz, txapela Gaztedirentzat izan da azkenean, jokatutako hiru jardunaldiak irabazita. Bigarren postua Ibarrarentzat izan da, hiru jardunaldietan bigarren postua eskuratuta, eta Txantreak itxi du sailkapena, jokatutako hiru jardunaldietan azkena geratu baita. Goma Gaineko Txapelketak datorren asteburuan jarraituko du, larunbatean abiatuko baita mutilen 600 kiloko lehiaketa. Lehen jardunaldia Bermeon izango da.