GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Erlijioa politikan


Mundu mailako fenomeno globala den arren, Frantzian, islamismoaren gorakada dela-eta, erlijioak indarra hartu eta politika besarkatu duela esan daiteke. Baiki, bertako katoliko praktikanteak mobilizatzen hasiak dira. Politikari eskuindarrek beren katolikotasuna aldarrikatzen dute eta mota guztietako erlijio gizonak politika egiten hasiak dira. Sare sozialetan ez ezik, irrati-telebistetan, tertulietan nahiz prentsa idatzian inoiz baino presentzia handiago dute horiek. Elizak, meskitak edo sinagogak utzi eta espazio publikoa bereganatzera jo dute diskurtsorik integristenak eta atzerakoienak naturaltasun osoz hedatuz. Eta proselitismo hori sistema politikoaren bedeinkapenarekin gauzatzen dutela argi da. Ustez estatu laikoa den frantziar errepublikan. Hitz bitan esateko, politika belaunikatu egin da gotzainen, imanen zein errabinoen esanetara eta horien larderia pozoitsuenak entzutera behartuak gaude. Abortua bortxaketa bera baino grabeagoa dela, emakumeak perfumatuak eta erdi biluzik doazelako bortxatzen dituztela, homosexualak haragijaleak (sic) direla, emakumea gizonaren gainetik egotea ez dela normala eta abar entzun eta irakurtzen dira ohikotasun jasanezin batez. Bibliaren, Toraren edota Koranaren izenean mintzo dira. Bost inporta zeinek zer dioen, erlijio monoteista guztiek dute mintzaira berbera.

Bestearekiko gorrotoa, gizonaren gailentasuna, emaztearen obedientzia, fanatismo eta obskurantismo garaiko dogmarik gogorrenak gure burmuinak kolpatzen ari diren honetan, bat egiten dut erlijioa totalitarismo primitibo bat dela eta gizakia deshumanizatzen duela dioen Joseph Scaron idazle frantziarrarekin.

Pentsatzeko askatasuna ez ezik, bizitzeko askatasuna ere ebasten digute erlijioek, oraina ez ezik, geroa ere pozoitzen digutelako. Beraz, beharrezkoa egiten da erlijiorik gabeko mundu baten aldarrikapen gaurkotua.

Gaur egun oraindik Torquemadaren fanatismo erlijiosoa bizirik dago gure artean.