Idoia ERASO
URRUÑA

Haurrak emozioen mundura daramatza «Jo Kako!...Jo!!!» liburu eta ikuskizunak

Josiane Aguerre-Valenciaren hitzekin, Bruno Josieren marrazkiekin eta Philippe Alborren musikarekin «Jo Kako!... Jo!!!» liburu eta diskoa argitaratu du Elkarrek. Obra oinarri hartuta eta urrunago heltzeko xedearekin, haur txikienentzako ikuskizun bat ere landu dute, non Kako barraskiloa protagonista duen antzezlana eta zuzeneko kantuak elkartzen diren. Emozioak ezagutu, erabili eta horien inguruan komunikatzen irakastea nahi dute obrek.

«Nire xedea hastapenetik emozioei buruzko liburu bat idaztea izan da», azaldu zuen Josiane Aguerre-Valenciak. Irakaslea ere baden idazleak gaiaren inguruan euskaraz sortutako obra gutxi dagoela atzemanda abiatu zuen proiektua.

Ideia buruan ondu eta bere ingurura beste artistak bildu zituen sortzaileak. Liburuko ilustrazioak egiteko Bruno Josie marrazkilariarekin harremanetan jarri zen, ulermena ziurtatzeko irudiak garrantzitsuak direlakoan. Izan ere, sentimenduak identifikatzea eta horietaz hitz egitea da obraren xede nagusietako bat, idazlearen hitzetan: «Emozioak agertzea, izendatzea eta irudi bat izatea nahi genuen, batzuetan txikienek ez baitute jakiten sentitzen dutenaren izena zein den».

Philippe Albor musikariarengana ere inguratu zen, liburua osatzen duen diskoko kantuak egiteko eta ikuskizunean zehar musika hori zuzenean jotzeko. 2014an “Biribil” obra egin zuten elkarrekin, eta lan berri hau hortik abiatu dela azaldu zuen Aguerre-Valenciak: «Lan polita egin genuela atzeman nuen. Musika eta haurrekin egin nahi nuen, eta banekien berak konposizio egokiak eginen zituela horretarako». Musikaz harago egindako elkarlan bat ere badela nabarmendu zuen sortzaileak: «Nire testuak ematen nizkion musikak sor zitzan, eta bereak ere testuak aberasten zituen».

Haur txikienentzat sortua izan da, eta horregatik pertsonaia bakar baten inguruan sortua den istorio «sinplea» da. Kako barraskiloa bere koskotik atera, eta munduarekin topo egitean emozioei egin behar die aurre. «Hastapenean koskoaren barnean da Kako, maite du batzuetan han izatea. Horren errepresentazioa izaten ahal da, norberaren barnean, etxean, ama edo aitarekin...».

Orokorrean, haurrek anitz maite duten animalia delako hautatu du sortzaileak, baina baita horrek ematen duen sinbolismorako aukeragatik ere: «Habia goxotik ateratzea bezala da, haurra mundura irteten denean. Emozioak trukatuz, ateraz, eta irentsiz ere batzuetan».

Poza, haserrea, alaitasuna, tristura... sentitzen agertzen da Kako obran zehar. «Kanpoan ezagutzen diren ziztak; baina gainditu egin behar dira. Hala ere sobera direlarik, ongi da gure kabian biribilkatzea eta gordetzea», azaldu zuen idazleak.

Ikuskizuna

«Liburuak luzapen bat behar zuela eta, ikusgarria sortu genuen», azaldu zuen idazleak musikariarekin egindako lanaz. Ikuskizunean Alborren zuzeneko musika eta kantuak elkartzen dira liburuko testuekin. Gorputz adierazpenak ere garrantzia badu, ipuin kontaketatik harago eramanez antzezlana.

Taula gainerako Ttitto Aguerre eskultorearen lana ere integratu duela azaldu zuen sortzaileak: «Karakoilak material ezberdinekin eginak dira, metala, harria... Kutxetan gordeak dira, eta ateratzen diren heinean eszena osatzen joaten dira». Sorkuntza pieza txikiez eginda, bukaeran deskubritzen den obra handiago bat ere ezkutatzen du zizelketak. Kurkuiluak gordetzen dituzten kutxak marraz margotuak agertzen dira, eta obra bukaeran horiek metatuz Kako barraskiloa erakusten dute. Apainketa arina ere egin du bere zizelketen bitartez Aguerrek, hari metalikoz egindako euria, esaterako.

2 eta 5 urte arteko haurrentzat dago pentsatua; hori dela eta, ikusleria zabalari eskainiak diren emanaldiekin batera, haurtzaindegietan ere sarritan ari dira Aguerre-Valencia eta Albor.

Horrelakoetan ikuskizunaz gain proiektu pedagogiko oso bat ere badute atzetik, non tailerrak ematen diren luzapen gisa: idazleak emozioei eta gorputz adierazpenari buruz, eta Alborrek musikaz.