GARA
EIBAR

Agindu bezala, Sergi Enrichen kontratua 2019ra arte luzatu dute

Eibarrek atzo arratsaldean jakinarazi zuen Sergi Enrichen kontratua 2019ra arte luzatu duela. Ezaguna zen moduan, Fulham talde ingelesa aurrelaria fitxatzen saiatu zen neguko merkatuaren azken orduetan, eta arrisku hori ekiditeko klubak menorcarraren kontratua berritzeko konpromisoa hartu zuen, jokalariaren baldintza ekonomikoak nabarmen hobetuz. Esan eta egin. Talde armaginak atzo egin zuen ofizial akordioa eta aurrelariak prentsaurrekoa eskainiko du gaur eguerdian Ipuruako prentsa aretoan.

Ciutadellan jaioa 1990eko otsailaren 26an, laster beteko ditu 27 urte, eta iaz laudorioak Borja Bastonekin banatu behar izan bazituen, aurten taldeko izar nagusia bilakatu da meritu osoz. Numantziatik iritsi ostean, aurreneko denboraldi horretan bederatzi gol sartu zituen Ligan, eta aurtengoan jada zortzi daramatza. Iazko urtarrilean jada berritu zuen bere lehen kontratua, berez 2017an amaitzen zena 2018ra arte luzatuz, ematen ari zen maila bikainaren erakusgarri, eta aurten berriz hobetu behar izan dizkiote baldintzak, lotura 2019ra arte ziurtatzeko. Seinale ona bi aldeentzat.

Euskararen plana, martxan

Eibarrek, bestalde, Euskararen Plana jarri du martxan, Emun enpresaren laguntzarekin, hizkuntzaren erabilera sendotzeko asmoz. Talde gorri-urdina, Mikel Larrañaga presidenteordearen esanetan, ez da konformatzen bultzakada etxean ematearekin eta, «eredu» izateaz gain, «eragile izateko» asmoa aurreratu du.

Plana hiru etapatan garatu da. Hausnarketari dagokio lehena, diagnostikoari bigarrena eta akzioari hirugarrena, orain hasten dena, hain zuzen ere.

Olatz Olaso Emuneko zuzendariak azaldu duenez, hainbat elkarrizketa eta inkesta egin ondoren, ondorio baikorrak atera daitezke diagnostikoan: «Eibarrek lan handia eginda duela» dagoeneko, «aurrerapausoak egiteko aukera asko» daudela eta «garrantzitsuena, gogoak daudela». Konpromiso eta gogo horiek hainbat arlotan islatuko dira: formazioa, sare sozialak, errotulazioa eta, Larrañagak azpimarratu zuenez, harremanetan: «Kanpokoekin lehen hitza euskaraz izateko konpromisoa eta euskaldunok gure artean euskara erabiltzeko konpromisoa eduki nahi dugu».

Olasok, azkenik, emandako urratsaren garrantzia goraipatu, eta nabarmendu zuen, adituen ustez, eskola euskaldundu ostean hurrengo urratsa aisialdia euskalduntzea izan behar dela.