Andoni ARABAOLAZA
Eskalada

Marek Raganowicz, bakarka eta neguan Norvegiako Troll Wallen

Estilo horretan, poloniarrak «Suser gjennom Harryland» bidearen (6/A3) lehen igoera sinatu berri du. 16 eguneko eskalada izan da.

Marek Raganowicz ez da berria orrialdeotan. Poloniarrak behin baino gehiagotan bisitatu gaitu munduan barrenako hormatzarretan egin dituen goi mailako jarduerei buruz hitz egiteko. Eskalatzaile zein alpinista osoa izateaz gain, Raganowicz bakarkako eskaladetan ere espezialista bikaina da. Eta horren adibide da Norvegiako Trollveggenen edo Troll Wallen eginiko eskalada. 16 eguneko jardueran, protagonista hau gai izan da pareta enblematiko horren bide zailenetariko bat, “Suser gjennonm Harryland” (6/A3), neguan eta bakarka igotzeko. Zehatzago esanda, poloniarrak marra horren bakarkako neguko lehen igoera egin du.

Hori guztia gutxi izango balitz, urtarrilaren 11tik 26ra burutu zuen jarduera horretan azpimarratzeko estiloa erabili zuen; izan ere, soka finkorik jarri gabe eskalatu zuen eta bidean zehar ez zuen kanpamenturik antolatu. Eta, jakina denez, neguko ohiko baldintza gogorrei egin behar izan zien aurre: elur ekaitzak, tenperatura hotzak…

Jarduera horietan espezialista handia izateaz gain, esan behar dugu Raganowiczek Trol Wall eta haren ingurumaria ezagutzen zuela. Gogora dezagun, duela pare bat urte, Marcin Tomaszewskirekin batera, “Catharsis” bidea (M7, A4, 1.100 m) zabaldu zuela. Aipatu behar dugu ere, Norvegiara bidaiatu baino lehen, joan den udazkenean, Yosemiteko Kapitain hormatzarra bisitatu eta, ”entrenamendu” gisara, oso arriskutsu eta gogorra den "Plastic surgery disaster" marraren (A5) lehen errepikapena sinatu zuela.

Yosemiteko udazkeneko epeltasuna alde batera utzi eta joan den urtarrilean eskalatzaile honek Norvegiara bidaiatu zuen. Ondoko irudian ikusten den bezal a, aukeratutako “Suser gjennom Harryland” bideak Trorllyggen izenez ezaguna den zutoinaren ezkerraldea zeharkatzen du. Esan bezala, pareta horretan dauden marren artean zailenetariko bat da. Halvor Hagen eta Kyrre Ostbok osatutako sokadak 1996. urtean zabaldu zuen, eta neguan bi igoera soilik izan ditu; horietako bat Andy Kirkpatrickek eta enparauek sinatutakoa. Baina neguko bakarkako igoera falta zen, eta Raganowiczek zirkulua ixtea lortu du.

Baten batek esango du poloniarrak eskalatutako bidea ez dela Trollveggeneko gailurrean amaitzen. Eta hala da. Hain zuzen ere, lerrootako protagonistak nolabaiteko segurtasuna bermatu ahal izateko bide hori aukeratu zuen.

Eta era horretan, urtarrilaren 11n “Suser gjennom Harryland” bidearen sarreran jarri zen. Hura eskalatzeko behar den tresneria guztia gainean zuen, baina argi zeukan soka finkorik ez zuela jarriko. Hots, argi eta garbi zeukan marra osoa egin arte ez zela jaitsiko. Eta, aipatu dugun bezala, ez zuen kanpamentu bakar bat ere ezarri; beraz, egunero-egunero bere hamaka igo behar izan zuen.

16 egun

Urtarrilaren 11n, Raganowicz pronto zegoen lehen urratsa egiteko. Eta, hamasei egun geroago, 26an, bidea bukatu eta zutoinaren gailurrera iritsi zen. Marra bera jaisteko beste pare bat egun behar izan zituen. Poloniarrak onartu du hormatzarraren oinarrira heltzeko rapel korapilatsuak eta artifizialeko teknikak behar izan zituela egin. Emaitzarekin pozarren zegoen: «Duela bi urte Marcinekin ‘Catharsis’ zabaldu nuen, eta orain bakarka asko bete nauen eskalada hau egin dut. Onartu behar dut Troll Wall oraindik ez dudala guztiz ezagutzen. Baina argi dut ere pareta honek asko erakartzen nauela; indar magikoa du!».

Eskalatzaileak jakin bazekien eguraldia eta paretaren baldintzak ez zituela lagun izango. Eta hala izan zen. Denetarik izan zuen: elur ekaitzak, euria… Eta, batez ere, hotza. Alabaina, poloniarrak ez zuen muturreko tenperatura jasan behar izan; izan ere, -10° eta +3° artekoak izan ziren. Gai honen inguruan, eskalatzaile honek honakoa adierazi du: «Jakin banekien Troll Wall ez dela Europako lekurik beroena! Txantxak alde batera utzita, hotza ez zen arazo nagusia izan, baizik eta izotza urtzen zenean. Goialdetik euri tanta piloa erortzen zen, eta, horren erruz, denbora asko blai eginda eta dardarka pasatu nuen».

Bestalde, poloniarrak argi zeukan hormatzar horretan zer lortu nahi zuen eta aipatu du asmo hori bete ahal izateko “Suser gjennom Harryland” bide aproposena zela: «Trol Wallera hurbildu nintzenean, nire xede nagusia hango marra bat neguan eta bakarka igotzea zen. Estilo horretan lehen igoera bat egitea, alegia. Aukeratu nuen bidea pareta horretako seguruena da, eta niretzat eite horrek berebiziko garrantzia zuen».

Izaera horretako eskalada bat egitea azpimarratzekoa bada ere, Raganowiczek estiloari ere garrantzi handia ematen dio: «Argi eta garbi neukan ez nuela soka finkorik erabiliko. Eskalada hau egin eta berehala, gai horren gainean hainbat eskalatzerekin solastatu nintzen. Hormatzarretan jarduten duten askok soka finkoak erabiltzen dituzte, eta uste dut, beste eskalada diziplinetan bezala, big-wallean ere estiloak garrantzia duela. Izaera honetako bide bat egitera hurbiltzen zarenean, luzeak finkatzen badituzu, aukera duzu eguna bukatzerakoan soka finko horietatik rapelatu eta gaua hotel edo denda batean igarotzeko. Aukera duzu ere tresneria gehiago hartu eta nahi baduzu janari gehiago erosteko. Horrek esan nahi du paretan sartzen zarenean askoz ere kilo gutxiago garraiatzen duzula eta askoz ere egun gutxiago pasatzen dituzula hamaka batean. Inolako zalantzarik gabe, soka finko horiek erabiltzen ez badituzu, egoera erabat aldatzen da; nire uste apalean, hasiera-hasieratik benetako joko batean murgiltzen zara».

Soka finkoak ez erabiltzeaz gain, protagonista honek zailtasun gehigarri horiei beste bat gehitu zien. Eta eite hori arestian aipatu dugu: bide guztian zehar ez zuen kanpalekurik antolatu: «Egunero-egunero petate guztiak garraiatu behar nituen. Eta lan hori oso gogorra da. Baina hala erabaki nuen. Kapsula estiloaren alde egin nezakeen, baina Troll Wallen baztertu nuen. Uste dut kapsula estiloa Himalaian egiten diren izaera honetako jarduerentzat askoz ere egokiagoa dela. Estilo horretan eskalada errazagoa, seguruagoa eta pisutsuagoa da, baina, era berean, esfortzu gutxiago egiten da. Horrekin esan nahi dut atseden uneak askoz ere luzeagoak egin ditzakezula. Azken eskalada honetan, adibidez, nire tresneria guztiak 100 kiloko pisua zuen. Aipatu behar dut ere, pisu horretan kozinatzeko behar nuen elurra ere barnean zegoela».

Bestalde, “Suser gjennom Harryland” bidearen krokisa ikusi zuenean, Raganowiczek argi zeukan marra garbi bati aurre egin behar ziola: «Bilerak ondo zeuden. Horrekin harrituta geratu nintzen; batez ere, duela lau urte Andy Kirkpatrickek azken neguko igoeraren inguruan idatzi zuen erreportajea irakurri eta gero. Bilera bat soilik zegoen garbi edo naturala zen; besteek, aldiz, gutxienez parabolt on bat zuten. Horrela bada, ez nuen parabolt gehigarririk jarri eta zeudenak ere ez nituen aldatu».

Izaera horretako eskalada batean bakardadea nola kudeatzen duen galdetuta, hau erantzun du: «Onartu behar dut ehuneko ehunean bakarrik nengoela. Eta onartu behar dut ere ez dudala inolako bakardaderik sufritu. Bakarka eskalatzea gustuko dut, eta oso naturala egiten zait».