GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Ducassouk agintera itzultzeko aukera dauka

Bihar goizean 11.00etan neurtuko da Ospitalen aurka Buruz Buruko finaleanBaionako Modernen. Iaz galdutako txapela berreskuratu nahi du.


Ducassou eta Ospital neurtuko dira bihar goizean, 11.00etan, Baionako Moderne trinketean Berezkoen Buruz Buruko finalean. Ezuste handia izan da final honetan Ospital ikustea, baina ongi merezita sartu da txapelaren lehian.

Izango ez dena Larralde da. Bera da egungo txapelduna, eta berak irabazi ditu bakarka jokatzen diren azkeneko hiru txapelak, iazko Buruz Burukoa, eta iazko eta aurtengo Superprestigioa, baina oraingoan harmailetatik ikusi beharko du finala.

Ducassou da, dudarik gabe, txapela lortzeko faboritoa. 25 urte izan arren, jadanik badaki finalak jokatzea zer den, eta txapeldun izatea ere bai, orain dela bi urtekoa berak irabazi baitzuen. Hala ere, urte oso bat pasa behar izan du bigarrena izaten Larralderen atzetik, eta orain berriro ere aurrenekoa izateko aukera dauka.

Ospitalentzat, berriz, aurreneko finala da. 23 urterekin iritsi da, eta galtzeko ez du ezer eramango. Ez zen finalerdietan sartzeko ere faborito, baina sartu egin zen. Gero, finalean izateko ere inork ez zuen berarekin kontatzen, baina sartu egin da. Garbi dago hemen sartu bada merezimendu osoz izan dela. Biharko bi finalistak finalerdietako ligaxkan neurtu ziren, eta orduan Ducassouk 40 eta 17 irabazi zion Ospitali.

Faborito garbia

Jean Baptiste Garat txapeldun handia izandakoa da, eta egun pilotariak entrenatzen ere jarraitzen du. Berak garbi dauka zein den faboritoa. «Ducassou niretzat faborito garbia da. Sekulako jokoarekin dago, gainera fresko ikusten da bera. Horri, duen kalitatea gehitu behar zaio. Gainera, finaletan eskarmentua dauka, eta hori ere honelako partidetan oso garrantzitsua da», dio pilotari ohiak.

Hala ere, Garatek Ospitalekin kontuz ibili behar dela dio. «Ospitalek bere buruarekin sekulako konfiantza dauka, oso gaztea da, baina bere buruarekin oso seguru egoten da. Ez du inoiz etsitzen, eta ez du inoiz bere maila jaisten, nahiz eta alde handiarekin galtzen joan. Horrek aurkaria beti lanean jarraitzera behartzen du, bestela gainera joaten delako, berak ere maila handia baitu», dio. Dirua, behintzat, hasieran oso nabarmen aterako da Battitta Ducassouren alde.