GARA Euskal Herriko egunkaria

Ertzaintzak «Mozal Legea» bete behar duela erantzun du Beltran de Herediak

Legebiltzarrak Mozal Legea ez aplikatzeko konpromisoa hartu zuela gogoratu zuen Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak. Baina Ertzaintzak legea bete behar duela nabarmendu zuen sailburuak.


«Ertzaintzaren irizpidea argia da, legea betetzea». Hala erantzun zion Segurtasuneko sailburu Estefania Beltran de Herediak Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideari. Izan ere, EAJk eta PSEk ez dutela Legebiltzarreko agindua bete salatu zuen Arzuagak atzo burututako bilkuran. 2016ko ekainaren 22an Legebiltzarrak Herritarren Segurtasunerako Legea, «Mozal Legea» izenarekin ezagutzen dena, ez aplikatzeko konpromisoa hartu zuen. Baina ordutik hona, «2.857 aldiz aplikatu da, erabakia hartu aurretik baino gehiago», azpimarratu zuen politikari subiranistak, galdera zehatz bat planteatuz jarraian: «Agindu horretatik zer da sailburu andreak ulertu ez duen puntua?».

Beltran de Herediak defendatu egin zuen Ertzaintzaren eta udalerrietako polizien lana. «Hauei ez dagokie lege baten balorazio politikoa egitea. Arau-hausteak egiten direnean legea aplikatu eta oinarrizko eskubideak zaindu behar dituzte, legeak jasotzen duen moduan», esan zuen Beltran de Herediak, eta iaz Ertzaintzak eta udaltzaingoek irekitako espedienteen %54 droga eta armak legez kanpo edukitzeagatik izan zirela nabarmendu zuen. %6 desordena larriengatik, askatasun sexualaren aurkako delituengatik eta animalien aurkako indarkeriagatik izan ziren. Eta gainerakoek, %40, Mozal Legean agertzen diren delituekin zerikusia zuten. 2.182 espedientek okupazioarekin, agintaritzari jarkitzearekin edo iragarrita ez dauden elkarretaratzeekin zerikusia dute. «1.000 biztanleko espediente bat, horri buruz hitz egiten ari gara», esan zuen sailburuak.

5.448 aldiz

Arzuagak berriro hartu zuen hitza Beltran de Herediaren azalpenak entzun ondoren. Legebiltzarkideak gogora ekarri zuen Lakuak Mozal Legea 5.448 aldiz aplikatu duela, eta EAJk diseinatu duen eredu poliziala kritikatu zuen. «Euskal herritarrei isunak jartzen ez duzu lortuko herritarrengandik gertu dagoen polizia», nabarmendu zuen.

Amaitzeko, Beltran de Herediak esan zuen Legebiltzarreko legez besteko proposamen batek ez duela balio Mozal Legea bertan behera uzteko. Horren harira, sailburuak gogorarazi zuen Rajoyren Gobernuak ezarritako legea aldatzeko proposamen bat aurkeztu zuela EAJk urtarrilean. «Zurekin ados nago, lege honen zati batzuk aldatu egin behar ditugu. Eta hala uste baduzue, has zaitezte lanean. Legearekin ados ez bazaudete, elkarrekin lan egin behar dugu legea aldatzeko», esan zuen.