FEB. 18 2017 Interview PATXI LARRION IDAZLEA «Gazteluko plazan bermuteko solasaldi batean entzundako gertaera batzuk ekarri ditut nobelara» Lehen nobela du Patxi Larrion iruindarrak «Feriatzaileak». Susa literatura argitaletxearekin plazaratu duen nobela honetan Martin Galdeano eta adiskide Luisen feriatzeak kontatzen ditu, 1969. urtean «Patton» pelikula filmatzen den bitartean gauzatzen direnak. Last update: FEB. 18 2017 - 07:41h Patxi GAZTELUMENDI IRUÑEA Urbasan, Lizarraldean eta batik bat Iruñean gertatutako pasadizoek nobela bizi-bizi baten aurrean jarriko dute irakurlea. Bizitasun hori aletzen saiatu gara Patxi Larrionekin Katakrak liburu dendako kantinan egin dugun elkarrizketan. Gero guk ere liburu batzuk feriatu ditugu bertan, atsegin handiz. «Feriatzaileak», haurtzaroko irudiak eta orduan filmatutako lan bat hartu dituzu abiapuntu, nobela hau idazteko. Haurtzaroaren parte bat eta Urbasa. Gu Bergaran sortuak gara, eta herrira joateko garai batean Euskal Herria hezurmamitzen zuen tren ibilbidea egiten genuen, Bergaratik trenez Zumarragara joan, handik Gasteizera, Gasteizen La Vasco Navarra hartu Lizarrara iristeko eta hara hurbiltzen zen osabetako bat, eta uda herrian pasatzen genuen. 1969an gurasoek kotxe bat erosi zuten eta orduan Bergaratik herrira joateko Urbasa zeharkatu behar. Urbasa beti guretako erreferentzia toki bat izan da, haurtzaroko leku mitiko bat. Topaleku bat. Zerbait hurbila. Orduan hainbat produkzio grabatu ziren bertan, inoiz gertatu zitzaigun autoa gelditu behar izatea errodatzen ari zirelako. Nik Urbasako eta gurasoen herriko haurtzaroko oroitzapen batzuk banituen; banituen baita ere txikitan eta gaztetan entzundako hainbat istorio gogoan, eta inoiz edo horiek fikzionatu nahi nituen. Urbasa zinemarekin lotu dut, eta iruditzen zitzaidan filmazio bat –kasu honetan, “Patton”– toki ona izan zitekeela nobela bat, zerbait fikzionatzeko eta feriatze batzuk kontatzeko. Soldaduska egiten ari ziren bi ikasle jarri dituzu protagonista bezala. Nola hautatu zenituen Martin eta Luis pertsonaia bezala? Garaiko gizarteko bi mutil dira. Luis familia onekoa da, eta bestea ameskoarra da, baina Lizarraldeko bailara horretan nor den familia bateko kidea da. Biak unibertsitatean ari dira ikasten, eta soldaduska tartekatzen dute ikasketekin, oso ohikoa zena garai haietan. Nolabait bi pertsonaia mota dira, bi multzotakoak. Alde batetik, horiek karakterizatzeko unean pentsatu nuen nolakoa behar zuen Martinek, eta nolakoa behar zuen izan Luisek. Hor nik gogoan izan ditut zaharragoak ziren pertsona batzuk, nik ezagutu nituenak eta horien jokatzeko moduak eta begiradak, horien elkarrizketetan inspiraturik daude beste hauek. Aurreko mendeko 20ko hamarkadan jaiotako pertsonetan dago oinarrituta, orduko emakume eta gizonak izan ditut gogoan. 69. urtean 21 urte dituzte Martinek eta Luisek, eta hasierako feriatze horietan –gasolinarena kasu– horretan ari ziren bi pertsonaren elkarrizketa batetik abiatu nintzen. Gazteluko plazako ostatu batean nintzen, eta solaskide nituen bi aritu ziren “Patton” filmaren garaian gertatu zen kontu baten inguruan, nik noski fikzionatu egin dut hori guztia. Baina abiapuntua hori izan zen; Gazteluko plazan bermuteko solasaldi batean entzundako gertaera batzuk ekarri ditut nobelara. Denbora eta espaziora joanda, Urbasa aipatu duzu baina badaude ere Ameskoak, Lizarraldea eta batik bat Iruñea. Hautaketa ere ez da kasualitatea. Liburu honekin lanean aritu ginenean, editoreekin komentatutako gauza bat izan zen, ea onartuko zizkidaten horrenbeste leku izen, horrenbeste toki. Garbi erabaki genuen: tramari ez badio eragiten aurrera. Nik zer nahi nuen? Irakurleari balio erantsi bat eman. Urbasa edo Iruñea ezagutzen duen horri zerbait gehiago eskaini. Fikzionatzeko nahiago dut zapaltzen dudan lurra ezagutzea. Izan ere, hainbat ibilera gertatzen dira, eta ni neu ziurrago sentitzen nintzen ezagututako lekuen gainean arituta. Denborari dagokionez, 1969. urtean gertatzen da dena, aste bakar batean. Zerbait bizia egin nahi nuen. Bi-hiru feriatze gertatzen dira nobelan, eta bizi-bizi kontatzeko azkar egin beharra nuen, erritmo bizia eman nahi nion nobelari. Ezin nuen hilabetez luzatu. Astearte batean hasten da nobela eta asteburuan bukatu. «Patton» filmatzen ari diren bitartean gertatzen da guztia. Zerk izan du garrantzi gehiago, filmak edo 60ko hamarkadako giroa ekarri nahiak? Hasieran “Patton” izan zen. Nik kontatu nahi nituen feriatzaileen istorio horiek kontatzeko toki egokia zen errodaia. Baina gero nobelak ere badauka beste dimentsio bat, amaiera aldean edo: eta hori karlismoa da. XXI. mendetik ari naiz idazten, baina 69. urtean erregimen baten amaiera sumatzen da. Hazkunde ekonomiko handia, feriatzeak ere oso garrantzitsuak dira eta konturatu nintzen halako batean Jurramendi hor neukala. Eta nik nahi nuen ideologia horren inguruko hainbat zertzelada eman. Gainbehera zihoan hautu ideologiko bat nobelara ekarri. Eta Jurramendiko gurutze bidea igande horretan izan zen. Eta ekarri egin nuen, dokumentazio lana egin ostean. Eta oso ondo uztartzen zen nik kontatu nahi nituen feriatzeekin eta buruan neukan tramarekin. “Patton” atrezzoa izan daiteke, baina garai horretan nobelako pertsonaiek hartutako hautua ez da atrezzoa, oso jabeturik egindako hautua da. Nobela politikoa da guztiz, baina feriatzaileek ere badute beren etika nire ustez, ez dira ohiko lapurreta batzuk… Hauek ez dira alproja batzuk. Feriatzeak egiten dituzte, baina halako batean konturatzen dira beste potoloago bat egiteko aukera dutela, eta hori noski, beraiek baino indartsuagoak diren batzuei egin behar diote; baina horretarako, beraiek baino indartsuagoa den beste baten laguntza beharko dute. Azkarrenak ere jakin behar duelako inoiz txotxongiloa izatea tokatzen zaiola. Aurrera ari dira Martin bezalako pertsonaiak, gasolina hartu –jana eta edana– eta beti aitzina. Baina batzuetan ez da konturatzen inguruan gertatzen zaionaz ere. Den-dena kontrolatzen du, baina bere ama nor den ere ez daki. Oraindik ez diegu esan gure irakurleei zer diren edo nor diren feriatzaileak. Feriatzea zer den kontatu beharko diguzu. Feriatzea Nafarroan gazteleraz asko erabiltzen den aditza da, euskaraz ere bai, eta berez badu zerikusia feria, azokarekin. Nik erabiltzen ikasi dudan moduan, eta adiera hori agertu nahi nuen: lortzea, eskuratzea, agentziatzea, derrigorrean lapurreta izan gabe. Badira gauzak lortzeko, feriatzeko hainbat modu. Eta hortik dator «feriatzaile» hitza, inongo hiztegitan agertzen ez dena. Jon Alonso idazleak aurkezpenaren egunean, iluntzean Zaldiko Maldiko elkartean egindako hitz-hartzean kezka bat azaldu zuen, jakin nahi baitzuen non egongo ziren pertsonaia hauek 20 urte beranduago. Badago asmatzerik? 20 urte beranduago edo 15 bederen, trantsizio garaian. Ba nik ez dakit non egonen ziren. Eman dizkiot buelta batzuk, baina inoiz edo kasualitatez zerbait idazten badut trantsizio garaiaz gerta daiteke nobelan utzitako hariren bati heltzea. Ez dakit non egonen ziren, baina feriatzen seguru. &discReturn;Aurkezpen ugari egin dituzu han-hemenka. Badirudi liburua mugitzen ari dela. Banekien idatzi eta argitaratzea lortu eta gero liburu hau mugitu egin behar nuela era batera edo bestera, maletarekin edo maletarik gabe. Koktelekin edo koktelik gabe. Ongi pasatu dut hau idazten, eta hobeki pasatu nahi dut aurkezten. Irakurle taldeetan harrera ona izan dut, eta kritikak ere ugariak izan dira. Eta orain arte “Feriatzaileak” nobelak eta tourrak eman duenarekin pozik, eta segitzeko asmoarekin. Sarean ere oihartzun nahiko izaten ari da, ezta? Egia esan, hori opari bat izan da. Liburua inprentan sartu behar genuenean Susako egoitzan pakete handi bat jaso genuen postaz. Xabi Erratzuri azala enkargatu genion, eta berau egiteko berak performantze bat egin zuen, errodaia bat maletarekin eta pertsonaiekin. Berak Londresen feriatu zuen maleta hau, nobelan agertzen den neurri bertsukoa. Eta ez hori bakarrik, gero maleta bera atondu egin zuen nobelan agertzen den moduan. Nik horrelako opari bat jaso ostean, “hau luxua da” esan nuen: maleta honi etekina atera behar diot. Hemen eta han erakutsi dut maleta, eta sarean horren oihartzuna izan da. «Nire asmoa da Gazteluko plazan elkartu eta nobelaren ibilbidea egitea» Lehen nobela duzu eta irakurleek harrera beroa egin dizute. Espero zenuen? Horretan nik ez nuen inolako aurreikuspenik egiten. Argi neukan deitzen ninduten lekuetara joango nintzela, baina besterik ez neukan buruan. Nobela bizia denez, nik transmititu eta iradoki nahi nuen guztia jendeak harrapatuko ote zuen beldur nintzen, eta iruditzen zait ba baietz, ezuste oso politak izan direlako. Harrituta geratu naiz zenbat jendek ezagutzen duen “Patton” filma! Zaharrago direnen artean gertakari bat izan zen garai hartan, eta ondo gogoratzen dituzte ordukoak. Nik uste baino presenteago du jendeak garai hori, eta zalantzan jarri izan dizkidate hainbat kontu, baina dokumentazio lan oparoa egin dudanez, kasu gehienetan frogatu ahal izan dut; bai hau horrela da. Eta orain «Feriatzaileak ibilbideak» egiten hasiko omen zara gainera, ezta? Nire asmoa da martxo bukaeran Gazteluko plazan elkartu, nahi duena etor dadila, eta nobelaren ibilbidea abiatzea. Ziurrenik Argarain abiatuko gara, La Navarran pintxo bat hartu, nobelan agertzen diren tokiak bisitatu –gehienak irekiak baitira, nahiz eta orain bestelako zereginetan aritzen diren– eta gero eguerdi partean bazkaldu aurretik Patton koktela prestatu Zaldiko Maldikon “Feriatzaileak” irakurri duen ororentzat. Gure hiriburua promozionatzeko modu bat da hau, ez dakit konturatu zareten.P.G. FERIATZEAK «Urbasa zinemarekin lotu dut, eta iruditzen zitzaidan filmazio bat toki ona zela zerbait fikzionatu eta feriatze batzuk kontatzeko» URBASA «Urbasa beti guretako erreferentzia toki bat izan da, haurtzaroko leku mitiko bat. Topaleku bat. Zerbait hurbila» PERTSONAIAK «Aurreko mendeko 20ko hamarkadan jaiotako pertsonetan dago oinarrituta, orduko emakume eta gizonak izan ditut gogoan» FERIATZEA «Nafarroan asko erabiltzen den aditza da, eta berez badu zerikusia feria, azokarekin: lortzea, eskuratzea, agentziatzea da, derrigorrean lapurreta izan gabe»