GARA Euskal Herriko egunkaria

Bizigarrien nerbio sisteman barneratzeko diziplinarteko ibilbidea

Urteko lehenengo erakusketa inauguratu du Tabakalerak kafea, alkohola edo tabakoa bezalako bizigarriak gaitzat hartuta. Haien eragina ikuspuntu desberdinetatik jorratu dute. Artetik abiatu eta medikuntza edo filosofia bezalako diziplinak ere aintzat hartuta.


2017ko lehenengo erakusketa ikusgai da dagoeneko Tabakaleran. “Bizigarriak: zirkulazioa eta euforia” lelopean, bizigarriek –kafeak, azukreak, kakaoak, tabakoak edo opioak, esaterako– gizakiarengan duten eragina du aztergai. Bi urtetan egindako hausnarketa prozesu baten emaitza da tabako fabrika eraberrituan ikusi ahal den erakusketa.

Tabakalerako arte proiektuen arduradun Oier Etxeberriak egin ditu komisario lanak Pablo Lafuente eta Max Jorge Hinderer-en lankidetzarekin. Erakusketak, artista zenbaitek modu espezifikoan sortutako obrak biltzen ditu, baita artxibo publiko eta kolekzio pribatuetatik eskuratutako lanak ere. Hartara, Madrilgo Reina Sofia museoko kolekzioko sorkuntzak edo San Telmo Museotik eta Oteiza Fundaziotik maileguan jasotakoak ere biltzen dira.

Zazpi atal, hiru zirkulazio

Erakusketak zazpi ataletan banatutako ibilbide bat marrazten du, bizigarriek mundu garaikidean izan duten eragina aztergai duten lan desberdinekin. Bizigarrien zirkulazioa da erakusketaren ardatz nagusia; hau da, XV. mendean berebiziko garrantzia hartu zuten esplorazio bidaia transozeanikoen bidez zirkulazio globalean sartu ziren kafearen, azukrearen, kakaoaren, tabakoaren eta opioaren zirkulazioa. Kolonizazio eta hedapen ekonomikoko prozesuen ondorioz irekitako ibilbideen bitartez iritsi ziren substantzia horiek aldatu egin zituzten Mendebaldeko gizarteen kontsumo ohiturak. Truke fluxu horiek hasiera eman zioten garai berri bati, eta arrazoi ekonomikoa bizitza kolektiborako oinarri gisa ulertzera pasa zen. Hiru zirkulazio planteatzen ditu: substantzia bizigarrien zirkulazio biologikoa, zirkulazio ekonomikoa eta zirkulazio kosmikoa.

Artea presente dago proiektuan, baina diziplina desberdinetatik jasotako lanak ere biltzen dira bertan. Erakusketa sarreran, esaterako, Santiago Ramon y Cajalek medikuntzaren alorretik bizigarriek gizakiarengan duten eragina aztertuz egindako irudi batzuk topatuko ditu bisitariak. Maruja Mallok koloretako arkatzekin espazioaren orbitan egindako marrazkiak eta Jorge Oteizaren eskultura bat ere ageri dira bertan. Tabako fabrika zaharrari erreferentziak, surrealismoa, heroina edo gai etnografikoak ere erakusketaren parte dira. Ibilbidearen bukaeran, Jose Miguel Prada Poolek 1971n egindako «happening»-a; armiarma sareen azterketa bat, armiarmari kafea eman aurretik eta ondoren. Bukaeran, Ibon Aranberriren azken lana, armagintzaren industria eta artea bide berean jarriz.

Proiektu horrek bizigarriek gizarte garaikideetan izan duten eraginari buruz bi urtetan zehar egindako ikerlanaren emaitza erakusten du. «Eztabaida bat abiatu genuen duela bi urte eta erakusketa hau horren fruitua da. Ikuspuntu desberdinak dituen gaia da bizigarriena eta orduan ere jende desberdinaren parte-hartzea izan genuen. Medikuntza, filosofia, antropologia eta artea bezalako diziplinak batu genituen. Mundu zahar berri honek aurrean jartzen dizkigun erronken aurrean arteak sentikortasun bat eskaintzen du eta diziplina guztiekin harremanetan jarri dugu», aipatu zuen Oier Etxeberria komisarioak aurkezpenean. Erakusketa zabalik egongo da ekainaren 11ra bitarte.