GARA Euskal Herriko egunkaria

Bizitza akrobazia amaigabea da Bivouak konpainiarentzat

Oreka bilatzea. Oholtza gainean zein bizitzan, akrobata da gizakia eta egiaren eta gezurraren, txuriaren eta beltzaren, arrazoiaren eta sentipenen arteko oreka bilatzea du eginkizun. Bivouak bordelesak horixe gogoraraziko digu «A corps perdus opus 2» zirku ikuskizunarekin.


Argiak itzali dira Victoria Eugenia antzokian eta hasi da Erwan Le Guen txeloa astintzen. Oholtza bazterrean, argi xume baten pean, alboan duen soinu-mahaian erritmo biziak bilatu ditu musikari gazteak eta bizitasun berarekin irten dira oholtzara akrobatak. Txelo-jotzailearen albotik, Maryka Hassik-en ahotsak xaxatzen ditu akrobatak: «¿Ya no sabes lo que quieres? ¿Has perdido el rumbo en el estrépito de la vida? ¡Resiste!», agindu die, hasi dira argi-jokoak, eta haiekin batera burdinazko barra bertikalez jantzitako agertokira ezinezko mugimendu, igoera eta jauziak ekarri dituzte akrobatek.

“A corps perdus opus 2” du izena ikuskizunak, eta Bivouak Compagnie bordelesak ekoitzi du, Victoria Eugeniarekin elkarlanean, Donostia 2016ko Mugalariak programaren barnean. Egunotan, antzoki donostiarrean dabil lantaldea, argiztapenaren azken egokitzapenak egiten. «Ikusi berri duzuena proba bat besterik ez da –jakinarazi digu Hassik–; argi-jokoak biziagoak izango dira estreinaldian».

DFerian, Donostiako arte eszenikoen azokan, estreinatuko dute ikuskizuna, martxoaren 4an (20.00, Victoria Eugenian; 5ean eta 6an ere emanaldi bana izango da) eta 3an eta 4an Eskolatik Antzokira programan parte hartzen duten ikastetxeetako gazteek entseguetan egoteko aukera izango dute. Atzo, prentsa gonbidatu zuten argiztapen probara eta, ondorengo solasaldian Hassik azaldu zuenez, Donostian estreinatuko dena konpainiak aurretik zuen kaleko ikuskizun baten oholtzarako bertsioa da: «Orain bi urte hasi zen proiektua. Kaleko bertsioa genuen, oso formatu bisual eta koreografikoa, baina jende askoren aurrean egiten genuenez ez zegoen intimitaterik». Antzokiak, publikoarekiko gertutasun hori ematen diela ziurtatu zuen, baina obrak inprobisaziotik ere «dezente» duenez, oreka aurkitzea «kosta» egin zaiela aitortu zuen. «Intimitatea genuenez, pertsonaiak gehiago garatu ditugu baina aldi berean inprobisazioa ere badago, eta bi horien arteko oreka aurkitzea ez da erraza... Baina, azken batean, hortaz doa proiektua ere: bizitzan oreka bilatzea zaila da».

Erritmoa eta poetika

Oreka landu dute, baita ere, ikuskizunaren zati ezberdinak osatzeko. Izan ere, obrak erritmo biziko piezak ditu, baina baita poetikotasun handiko pasarte estetikoak ere, «sentikorragoak, eta hor ere oreka bilatzea erronka izan da guretzat»

Orain, argiztapenarekin dabiltza lanean. «Argia oso garrantzitsua da guretzat», ziurtatu zuen Hassik, eta zehaztapenak estreinaldirako gorde nahi izan bazituen ere, «argiari esker agertu eta desagertu egingo gara, horrekin jolastuko dugu», aurreratu zuen.

Hassirekin batera, Benjamin Lissardy eta Maureen Brown dira ikuskizunaren autoreak. Azken honek eszenografia atontzen egin du lan eta, kaleko bertsioarekin alderatuz, aretokoan elementu gehiago erabili dituztela esan zuen: «Orain arte lerro zuzenarekin egin dugu lan, baina hemen eskulturak eraikiko ditugu, dantza ere egongo da, lurrean ariko gara... konbinazio horiei eta argiztapenari esker, mundu ezberdin bat sortuko dugu».

Oholtzan nagusitasuna posizio ezberdinak hartuko dituzten –eta pendulu bezala ere mugiaraziko dituzten– 6,5 metro luzeko burdinazko barrek hartuko badute ere, lurreko plataforma mugikorrak eta bestelako elementuak ere erabiliko dituzte. Horien bueltan bilduko dira zazpi artista –abeslari-narratzailea, musikaria eta bost akrobata-antzezle– eta oholtzatik kanpo beste hiru pertsona ere ariko dira, alderdi teknikoan. «Ikuskizunaren egitura oso orijinala da, barrak burdinazkoak izateak badu bere zailtasuna, baina artistak egokitu egin dira, bizitzan hainbatetan pertsonek egokitu behar izaten dugun bezala», esan zuen Hassik.