FEB. 23 2017 IKUSMIRA Trumpen zero gunea, Standing Rocken? Jose Angel Oria Hilabete pasatxo darama Trumpek Etxe Zurian. Orain arteko eskema guztiak hausten ari den gizonak sekulako gaitasuna erakutsi du bere aurkako protestak eragiteko. Mundu osoan irten dira kalera herritarrak Queenseko agintariaren jarrera salatzera. Leku batzuetan txalotzera ere irten dira, eta hori kezkatzekoa da, AEBetako presidente berriaren diskurtsoa jende askorengana iristeko gauza dela baieztatzen baitu. Euskal Herrian bertan ere behin baino gehiagotan entzun behar izan ditugu tankerako mezuak. Baina hain boteretsua dirudien gizonak izango du ahulgunerik ere, Akilesen orpo propioa. Eta egunotan Standing Rock izeneko siux etniako indigenen erreserbara iritsi diren beteranoak ikusita, Trumpen zero gunea horixe izan daitekeela pasa zait burutik. Poztekoa da siuxak eta horien aldeko ekintzaileak babesteko prest egotea militar ohiok. Iaz ere asko elkartu ziren bertan (2.000 inguru), Obamak, orduko presidenteak, Dakota Access izeneko oliobidea eraikitzea debekatzea erabaki aurretik. «Ez gatoz borrokalari moduan, herritarrak babestera baizik», adierazi berri du boluntarioetako batek. Jarrera horrekin Vietnamen eta Ekialde Hurbilean armak eskuetan hartuta egin zituzten bekatuak garbitu nahi dituztela zioen beste batek. «Indigenak akabatzera etorri beharrean, azkenean AEBetako militar batzuk siuxei laguntzera datoz», idatzi dute oliobidearen aurkako webgune batean. Angela Davis ekintzaile beltzak ere Standing Rockeko borroka goraipatu zuen Trumpen aurkako protesta batean, orain aste batzuk. Denok gara siuxak!