FEB. 24 2017 IRUÑA-VELEIA AUZIA Eztabaida zientifiko sakonetik soilik argi daitekeen auzia Benetakoak ala faltsutuak? Zaila da Iruña-Veleiako auzian posizioa hartzea; are gehiago, adituen ahotik hain iritzi kontrajarriak adituta. Atzo, benetakotasunaren alde dauden bi ahotsek utzi zuten euren testigantza: Koenraad Van den Driessche eta Idoia Filloy. Last update: FEB. 24 2017 - 06:45h Amalur ARTOLA Hernani Errotzen eta Dobera euskara elkartearen ekimenez, Hernaniko Biteri kultur etxera egin du jauzi egunotan Iruña-Veleia auziak. Hamarkada betea du jada auziaren argibide faseak eta epaileak martxoa amaitu bitarteko epea du ahozko fasea ireki edo behin betiko artxibatzea erabakitzeko. Gogora ekarri behar dugu orain hamaika urte Ponpeiako aztarnategiaren pareko gisa aurkeztu zutela Gasteiztik kilometro gutxira egindako aurkikuntza. Euskararen eta Euskal Herriaren historia eraldatzera zihoan aurkikuntza zela zabaldu zen, baina segidan etorri ziren 400 grafito eta ostraken benetakotasunaren gaineko zalantzak ere. Egiazkotasunaren aldeko eta kontrako iritzi eta ikerketak ugarituz joan ziren eta, orain zortzi urte, aurkikuntza faltsutzat joz Arabako Diputazioak salaketa jarri zuen Eliseo Gil, Oscar Escrivano eta Ruben Cerdanen aurka. Argibide fasearen amaiera dela-eta, Iruña-Veleiako 23 ostraken erreplikak jarri ditu ikusgai Carlos Urangak Hernaniko Biteri kultur etxean, eta egunotan espazio hori baliatzen ari dira gaiaren inguruko hitzaldiak eskaintzeko. Atzo, Van den Dries sche geologian doktorea eta Idoia Filloy arkeologoa izan ziren bertan, hitzaldi banarekin aurkikuntzaren benetakotasuna defendatzen. Filloy Eliseo Gilen lantaldean aritu zen lanean eta Iruña-Veleiako aurkikuntza egin zuten uneko poza zein faltsutzearen ahotsak goratzen hasi zirenean sentitu zituen tristura, biak ala biak deskribatu zituen baina, edonola ere, sentipen horiek ez dutela auziaren gainetik egon behar zehaztu zuen. Hala, euren lantaldea «beti» ikerketa eta datu objektiboen gainean lanean aritu dela ziurtatu zuen, eta horietako zenbait jarri zituen mahai gainean. Besteren artean, aurkitutako grafito eta ostrakak zegozkien sekuentzia estratografikoan aurkitu zituztela azaldu zuen, eta horietan «agertzen den guztia» froga bidez azal dezaketela baieztatu zuen. Filloy gogor mintzatu zen ostrakak faltsuak zirela esaten hasi zirenen aurka: «Publiko egin genuenean, berehala hasi ziren aktibatzen faltsutzearen kontrako ahotsak; filtrazioak egon ziren, ziur. Antolatuta zeuden, [Arabako] Diputazioari helarazitako informazioa zuten... foroetan ere hasi ziren gogor eta, unean garrantzirik eman ez banion ere, kontu honetan pisua izan dute, gerora hortik komisioko kideak atera baitira, tartean Joaquin Gorrotxategi eta Joseba Lakarra». Gorrotxategik «bandoz aldatzeko dei bat» jaso zuela ere salatu zuen, «baina horren berri epaitegietan emango dut, auzi honek epaitegietara joan behar duela uste baitut». Filloyren iritziz, komisioak «ezer aztertzen hasi aurretik zuen erabakita aurkikuntza faltsutzat emango zuela». Izan ere, Arabako Diputazioak esku hartu zuenean, aztarnategia kudeatzeko komisio bat osatu zuen, Lorena Lopez de Lacalle, orduko kultur diputatua buru zuena. Filloyk salatu zuen komisio honek ez duela «benetako ikerketarik» egin eta aurkeztu dituzten txostenetan «teoriak» daudela, «eta ez frogak». «Nire galdera da: Nori egiten dio traba aurkikuntzak? Lurralde horretan garai horretan euskara agertzeak nori egiten dio kalte? Teoriaren bat hankaz gora jartzen al du? Ni ziur nago hor atzean interesak daudela». Van Den Driesschek ere gogor jo zuen komisio honen aurka: «Komisio taldeko gehienak EHUkoak ziren, departamentu berekoak, eta bada interes pertsonalik...». Komisio-burua politikari bat izatea, «plangintzarik ez edukitzea», «ikerketak argazkietan oinarrituta egin izana» eta azken bilerako akta «bilera egin aurretik idatzia egotea» larritzat jo zituen Van Den Driesschek, eta auzia argitzeko ikerketa zientifikoaren beharra nabarmendu zuen. Hizlariek benetako ikerketa zientifikoa gauzatu behar dela esan zuten, «komisioak ez baitu halakorik egin».