FEB. 25 2017 sokatira 600ekoek finalaren aurreko azken saioa jokatuko dute Artaxoan Jon LEUNDA Artaxoako kiroldegian jokatuko da gaur, 17.00etan hasita, Euskal Herriko Goma Gaineko Txapelketako jardunaldia. Gaurkoan, mutilak 600eko mailan arituko dira, eta neskak, berriz, 375ekoan. Mutilek ligaxkako azkeneko saioa jokatuko dute, eta hurrengo astean finala izango dute. Bi jardunaldietako saioen osteko puntuen arabera, sei onenak izango dira finalean, eta gauzak nahiko garbi daudela dirudi, azkeneko jardunaldi honetan ezuste handiren bat ez baldin badago, behinik behin. Aurreneko jardunaldian, Sokarri izan zen onena, eta bere atzetik sailkatu ziren Beti Gazte, Gaztedi, Ibarra eta Murueta eta Ñapurrak, azken bi hauek puntuetan berdinduta. Lehen jardunaldia ikusita, ezuste handia izango litzateke hauetakoren bat finaletik kanpo geratzea. Talde horien atzetik, Abadiño, Berriozar eta Murueta sailkatu ziren. Neskak, berriz, 375ekoan arituko dira eta hiru jardunaldiko ligaxka jokatu beharko dute. Gaur izango dute aurrenekoa, eta bertan, Ibarra, Gaztedi, Txantrea, Berriozar eta Goiherri lehiatuko dira. Gaztedi izango da horietan faboritoa. Harri-jasotzea Inhar Urruzonok plazetatik kanpo egin beharko ditu datozen sei hilabeteak. Egungo harri txikien Euskal Herriko txapeldunari atzo egin zioten belauneko ebakuntza, eta sendagileek agindu diotenez, sei hilabete inguru lehiaketatik kanpo eman beharko ditu. Orain, ikusi beharko da aurtengo denboraldiko txapelketetara garaiz iritsiko ote den edo ez, baina garrantzitsuena aurrena belauna osatzea izango du, eta gero etorriko dira gerokoak.