GARA Euskal Herriko egunkaria

Arma kimiko bat erabili zuten Ipar Koreako buruaren anaia hiltzeko

VX izeneko gai toxikoa erabili zuten Kim Jong-nam Ipar Koreako buruaren anaia hiltzeko, Malaysiako Poliziak adierazi duenez. Arma kimikotzat jotako substantzia nola iritsi zen herrialdera ikertzen ari dira une honetan. Hildakoaren aurpegian eta begietan ageri da gaia.


Kim Jong-un Ipar Koreako buruaren anaia nerbio sistema geldiarazteko gaitasuna duen VX gaiak hil zuen. Horrela dio Malaysiako Poliziako Kimika Departamentuak egin duen behin-behineko txostenak.

Ikertzaileek aipatu substantzia aurkitu zuten Kim Jong-nam-en aurpegian zein begietan. Krimena egin izana leporatuta atxilotu dituzten bi emakumeek VX gaia maneiatu zuten lekua atzo bertan arakatu zuten agenteek. Ustez, Kuala Lumpur hiriburuko aireportuan zapi batean jarri zuten arma kimikoa Kim Jong-namen aurpegia igurtzi aurretik, joan den otsailaren 13an.

Poliziako inspektore nagusi Khalid Abu Bakar-ek jakitera eman du atxilotu dituzten emakumeetako bat botaka aritu zela erasoa egin ondoren. Pozoiduraren beste sintoma batzuk ere bazituen. Hala ere, poliziaburuak uste du 2 terminalean (bertan hurbildu ziren erasotzaileak Ipar Koreako buruaren anaiarengana) une horretan zeuden erabiltzaileak ere pozoituta egoteko arriskurik ez dagoela.

VX gaia kanpotik ekarri zuten ala Malaysian bertan ekoitzitakoa da? «Oraindik ez dakigu. Ezin dugu ezer baztertu, litekeena baita, oso VX gutxi bazen, inor konturatu gabe leku batetik bestera eramatea», erantzun zien “The Star” egunkariko kazetariei Abu Bakarrek.

Arma kimikotzat du VXa NBE Nazio Batuen Erakundeak. Kolorerik, usainik eta zaporerik ez duen likido oliotsua da. Nerbio sistema geldiarazteko substantzia sintetizatu hilkorrena da, adituen arabera.

Kim Jong-nam ez zen berehala hil pozoiarekin kutsatu eta gero. Ordu batzuk bizirik egin zituen. Egunotan telebista kateek eskaini dituzten irudietan oso garbi ikus daiteke erasoaren biktima oinez aireportuan, bertako agente batzuen laguntzarekin. Geroxeago hilko zen, erietxera zeramatela.

VX substantzia ekoiztea debekatuta dago, baina 1980ko hamarkadan Irak eta Iranen arteko gerran erabili zen.

Malaysiako agintarientzat hildakoa «iparkorear herritar» bat da. Bere senideren batek gorpua eskatu zain daude, DNA alderatu ahal izateko.

Horrelako frogarik ez du behar Hego Koreako Gobernuak zer gertatu zen jakiteko. Seulek garbi dauka Kim Jong-nam zela hildakoa eta Piongiangeko erregimenak hil duela. «Eraso terrorista» bat da, Hego Koreako agintarien iritziz.

Malaysiako Poliziak hiru lagun atxilotu ditu, eta beste lau harrapatu nahi ditu. Bi emakumeak ez dira ez Malaysiakoak ez Ipar Koreakoak, Vietnam eta Indonesiakoak baizik. Hirugarren atxilotua iparkorear kimikari bat da.

Beste lau iparkorear daude Malaysiako Poliziaren zerrendan: Hong Song Hac, Ri Ji Hyon, O Jong Gil eta Ri Jae Nam. Ikerlariek uste dute lau pertsona horiek errekrutatu zituztela bi emakumeak, biktima pozoiarekin kutsatzeko. Eransten dute Malaysiatik ihes egin zutela erasoa egin zen egun berean eta dagoeneko Ipar Koreako hiriburuan direla.

Gainera, malaysiarrek beste bi lagunekin hitz egiteko aukera eskatu diote Ipar Koreako Enbaxadari: Hyon Kwang Song ordezkaritza diplomatikoko bigarren idazkaria eta Kim Uk Il Ari Koryo airelinea publikoko langilea. Ustez, bi pertsona horiek lagundu zieten goian aipatutako lau iparkorearrei herrialdetik alde egiten.