Martxelo DIAZ
IRUÑEA

Erregimena epaitegietan gotortu dela salatu du Nafarroako EH Bilduk

Nafarroan martxan den aldaketa oztopatzeko Erregimenak epaitegiak erabiltzen dituela salatu du EH Bilduk. Horren azken adibidea Iruñeko haur eskolen kontrako epaia dela nabarmendu dute.

Nafarroan aldaketaren ildoko pausoak oztopatzeko Erregimena epaitegietan gotortu dela salatu zuten atzo EH Bilduko Miren Aranoa eta Bakartxo Ruiz parlamentariek.

Egoera horren azken adibidetzat jo zuten Iruñeko bi haur eskolak euskarazko zerbitzua ematearen aurka ostegunean plazaraturiko epaia.

«Urteetan Iruñeko gurasoek euskarazko haur eskolak eskatu dituzte, eskaintza urria dela eta. Urtero-urtero euskarazko plazen eskariak gora egin arren UPNk ez zuen eskaintza handitzeko neurririk hartzen. Hamaika haur eskoletatik soilik bitan zegoen euskaraz ikasteko aukera», gogoratu zuten.

Gobernu aldaketa jazota, Iruñeko Udalak guraso horien eskaerari erantzun zien hizkuntza-eskubideak bermatzeko helburuarekin, eta bi euskarazko haur eskola zabaldu zituen.

«Aurrerapauso honi, hizkuntz eskubideen lorpen honi, Erregimenak bortizki erantzun zion: gutunak, protestak eta, azkenik, epaitegiak tresna gisa erabiliz. Jakin berri dugun epai honek argi eta garbi erakusten du zein den Nafarroan eta Iruñean martxan dagoen aldaketaren aurrean dagoen erresistentzia: edozein aurrerapauso oztopatu eta edozein eskubideren bermearen kontra egin. Sozialki lortu denaren kontra epaitegiak erabiltzen dituzte», gaineratu zuten.

Jokabide hori arlo askotan izan dutela oroitu zuten: ikurren kontra, Nafarroako Parlamentuak onartu dituen legeen kontrako helegiteekin eta Hezkuntza saileko LEParen aurka.

Iruñeko Udalak haur eskolek euskaraz aritzea erabaki izana txalotu zuten parlamentariek.