Andoni ARABAOLAZA
ULTRA

Agirre eta Triguerosnagusitu dira euskal zirkuituarenlehen etapan

Pasa den asteburuan, Basque Ultra Trail Series zirkuituaren Bilbo eta Gasteiz arteko lasterketan 148 lasterkarik hartu zuten parte. Lehia borobila izan zen.

Basque Ultra Trail Series zirkuituak dagoeneko lehen urratsa egin du; hots, lehen etapa jokatu du. Pasa den asteburuan izan da Bilbo eta Gasteiz arteko lasterketa. Alde guztietatik begiratuta aurreratu behar dugu lehen eskarmentu hori borobila irten zaiela. Lasterketa aurreko egunetan, adibidez, Bilbon bertan “Mendiko Hiria” altxatu zuten, eta besteak beste, hitzaldiak eta erakusketak eskaini zituzten bertan.

Parte-hartzaileei dagokienez, 148 lasterkari azaldu ziren irteera puntuan. Euskal Herriko korrikalariak ziren gehienak, baina Espainiatik, Frantziatik, Italiatik, Portugaldik eta Mexikotik ere bertaratu ziren. Eta hauek guztiek 110 kilometroko ibilbideari eta 5.400 metroko goranzko desnibelari egin behar izan zieten aurre. Amaieran, lasterketaren protagonistek txalotu egin zuten antolatzaileen lana.

Eta azken hauek pasa den ostiraleko gauerdirako den-dena pronto zuten. Une horretan eman zioten hasiera euskal zirkuituaren lehen etapari. Hotz egiten zuen, eta ibilbidearen lehen zatian zero azpitiko tenperaturak jasan zituzten. Horretaz gain, lokatzak zaildu egin zuen lasterkarien erritmoa.

Eta Bilbo-Gasteiz etaparen lehen irabazleak Dani Agirre eta Silvia Trigueros izan dira.

Lehia estuak

Gizonezkoei dagokienez, aipatu behar da Agirre, Jon Erdaide eta Nuno Silva tropel buru jarri zirela: hauek gau osoan lasterketaren erritmoa markatu zuten. Murgiko kontroletik pasatu zirenean, adibidez, lasterkari horien artean soilik lau minutuko aldea zegoen.

Une horretatik aurrera ibilbidea gogortu egin zen. Agirrek eta Erdaidek aurrera jo zuten, eta portugaldarra atzean utzi zuten. Bi euskal korrikalarien artean buruz buruko estua bizi izan zen. Baina Agirrek hobeto kudeatu zuen norgehiagoka, eta Zaldiaranen bederatzi minutuko aldearekin pasatu zen. Zoritxarrez, Erdaide, Langraizera jaisten ari zela, bidetik irten eta hainbat minutu galdu zituen.

Gasteizko helmugan, beraz, nafarra lehena izan zen 12 ordu eta 43 minutuko denborarekin. Bizkaitarra, berriz, bigarren sailkatua izan zen irabazlearengandik 11 minutura. Eta portugaldarra hirugarren postuan sailkatu zen 13:53 denborarekin.

Helmuga puntua zeharkatu bezain pronto, irabazle nafarrak zera adierazi zuen: «Zenbait tartetan, oso ondo babestuta banengoen ere, sekulako hotza pasatu dut. Murgitik igarotzerakoan ondoezik nengoen eta urdaila gaizki nuen. Banekien ondo jan behar nuela, nahiz eta 10 minutuko geldialdia egin behar izan horretarako. Baina garaipenaren gakoa Erdaidek bidean izan duen nahasketa izan da».

Gizonezkoen lasterketan ez bezala, emakumezkoetan Triguerosek hasietarik helmugaraino nagusitasun osoa erakutsi zuen. Gasteizen, beraz, lehena izan zen 17 ordu eta 18 orduko denborarekin. Ibilbide osoan bizkaitarrak Nerea Martinez atzetik izan zuen, baina ez zuen batere estutu. Nafarra bigarrena izan zen 17:37 denborarekin. Eta hirugarren sailkatua Agurtzane Argiarro izan zen, 20 ordu eta 46 minutuko denborarekin.

Lasterketaren amaieran, irabazleak adierazi zuen ibilbidearen hainbat zati gogorrak izan zirela oso: «Lesio batetik irteten ari naiz, eta lehia gogorra egin zait. Ez dut hotzik pasatu, eta gaua bikain igaro dut. Egunez, berriz, bero egin du, baina ez dut gehiegi sufritu. Proba asko gustatu zait, eta bigarren etapan ere parte hartuko dut».

Guztira, Bilbo eta Gasteiz arteko lehen etapa hau 120 lasterkarik amaitu zuten. Bigarrena, Gasteiz eta Iruñea artekoa, maiatzaren 5ean jokatuko da.