Alazne Basañez
Kazetaria
IKUSMIRA

Nagusiak baliabide-ratio bilakatzen dituztenean

Pertsona bakoitza besteengandik argi propioaz nabarmentzen dela dio Eduardo Galeanok ‘‘El libro de los abrazos’’ liburuan, mundua su txikien itsasoa dela dioena. Eta esaldi horrek, egunotan, sua piztuta izateko laguntza behar dutenen egoerara eramaten nau, zahartzarora. Egoera onenean egonda ere, laguntza sekula soberan izaten ez den bizitzaren aro horretara. Gure bizi historiaren hasieran eta bukaeran norberaren sua piztuta mantentzen laguntzen dutenak, batik bat eta orokorrean, emakumeak dira; usain eta kolore onez oinez jartzen gaituztenak.

Norberaren burua itxuroso ikusten dugunean bizitzari beste modu batean aurre egiten diogu; garbi usainak indarra ematen digu, adorea eta minak jota egonda ere gogoa. Gutxiengo horiek ez direla egun betetzen salatzen ari dira Bizkaiko zaharren egoitzetako langileak entzungorrarena egiten ari diren enpresa eta instituzioen aurrean. Ratio bilakatu dituzte gure nagusien zaintza pribatizatu dituztenek; gure aita-amak ahalik eta diru gehien lortzeko baliabide bilakatu dituztenek.

Ehundik gora egun daramate greban gure nagusiak zaintzen dituzten emakumeek. Norberaren argi propioa mantentzen laguntzen dutenek ez dute, antza, gure nagusiak baliabide-ratio bilakatu dituztenentzat, lan baldintza duinak izateko eskubiderik. Eta, ondorioz, gure nagusiek ere ez dute aparteko kontsideraziorik eurentzat, administrazio eta enpresentzat. Ematen ez duten zerbitzua ordaintzen ari dira enpresei eta nagusiak behar bezalako atentziorik gabe daude. Hau da nahi dugun giza eredua?