GARA Euskal Herriko egunkaria

Gorrotoa


Hazte Oir fundaziokoek haur transexualen kontra abiatu duten autobus ibiltaria dela- eta, ezkerrak berau debekatzeko eskatu du. Harrituta geratu naiz, zein azkar, zein garbi, izan dugun denok debekua eskatzeko keinua, autobus horrek «gorrotoa» sustatzen duelako. Boterearen betiereko aitzakia da, gorroto ditxosozkoa, eta geuk aitzakia hori erabili dugu, erreakzio gisa, bai baitakigu botereak, finean, transfobia bezalako mezu atzerakoiak zinez atsegin dituela. Boterearen baitan pitzadurak sortzea da, beraz, gure eskariaren helburua, autobusa bera kaleetatik apartatzeko helburuaz aparte, zeina –bidenabar esan dezagun– gustura hartuko genukeen albistea baita. Ez da zilegi, ordea, botereari behin eta berriz leporatzen diogun horixe, hain zuzen adierazpen askatasuna urratzea, guk sustatzea, zinez Hazte Oir-ekoen mezua guztiz okaztagarria izan arren. Adierazpen askatasunaren alde bagaude, beti egon behar genuke, mezua gustuko dugunean bezala mezua infamea eta erasokorra iruditzen zaigunean. Gorrotoa, botereak behin eta berriz fiskalizatzen duen hori, sentimendu zilegia da. Nik gauza asko gorroto ditut, gorroto dut oligarkia, gorroto dut polizia... eta? Zein da arazoa? Nire gorrotoa neurea da, eta botereak hura errespetatu besterik ezin du egin. Ostera, nire gorrotoa legezkoa den bezala, zergatik eskatu Hazte Oir-ekoei ez dezatela gorrota?