Jon LEUNDA
PILOTA

Sei bikote arituko dira Berezkoen Binakako Lehen Mailako Txapelketan

Ospitalek eta Ducassouk eta Larraldek eta Bilbaok osatzen dituzten bikoteakdira, inongo dudarik gabe, lehiaketa hau irabazteko faboritoak.

Berezkoen Binakako Txapelketa hastear da eta bi mailatan banatuta egingo da. Lehen eta Bigarren mailak izango dira, Buruz Burukoan bezalaxe, baina mailarik apaleneko ligaxkan garaile ateratzen denak saria izango du.

Horrela, Lehen Mailan sei bikote izango dira, eta ligaxka jokatuko dute itzuli batera. Aurreneko hiru sailkatuek finalerdietarako txartela eskuratuko dute, eta laugarren geratzen denak, Bigarren Mailako lehenengoaren aurka kanporaketa jokatuko du, eta irabazten duenak maila nagusiko finalerdia jokatuko du; galtzen duenak, Bigarren Mailakoa. Lehen Mailako bosgarren sailkatuak, berriz, Bigarren Mailako finalerdia jokatuko du, eta azkenekoa kanpoan geratuko da.

Bigarren Mailakoan ere ligaxka jokatuko dute denek denen aurka, itzuli batera. Lehen aipatu bezala, lehen sailkatuak Lehen Mailakoekin kanporaketa jokatuko du, eta bigarren eta hirugarren sailkatzen direnek finalerdiak jokatuko dituzte. Azkenekoa kanpoan geratuko da.

Lehen Mailako bikoteak honako hauek dira: Larralde eta Bilbao, Waltari eta Gixandut, Ospital eta Ducassou, Etxegarai eta Lazkano, Intxauspe eta Amulet eta Bielle eta Ximun Lanbert. Bigarren Mailakoak, berriz, hauek: Laurent Lanbert eta Palomes, Elgart eta Ezkurra, Oltzomendi eta Benesse eta Monze eta Luku.

Lehen Mailan badira bi bikote beste guztien gainetik nabarmendu behar direnak, eta garbi dago beraiek direla txapela lortzeko faboritoak. Larraldek eta Bilbaok eta Ospitalek eta Ducassouk osatzen dituztenak ikaragarriak dira. Azken hauek izan dira Buruz Buruko finalistak, eta beste biak finalerdiak jokatu zituztenak. Segur aski une honetako lau pilotaririk onenak izango dira, eta  apur bat harrigarria ere bada beraiek beste pilotari batzuekin ez jartzea lehiaketa orekatu ahal izateko.

 

Biarnon ere bai

Azken urte hauetan bezalaxe, aurten ere Euskal Herriaz gain, pilotariek Biarno ere zapaldu beharko dute, Paueko trinket ederrean ere izango baitira partidak, eta horiek apirilaren 7an izango dira. Gainerakoan, Arrangoitze, Maule, Lohitzüne, Donibane Garazi, Garindaine, Armendaritze, Milafranga, Senpere, Irisarri, Angelu eta Baionan jokatuko dira partidak. Finalak, Lehen Mailakoa Baionan jokatuko da apirilaren 30ean eta Bigarren Mailakoa, maiatzaren 7an Milafrangan.

Txapelketako lehen partidak gaur bertan jokatuko dira. Arrangoitzen izango dira Lehen Mailako aurreneko bi neurketak, 18.30ean hasita. Aurrenekoan Bielle eta Ximun Lanbertek Larralde eta Bilbaoren aurka neurtuko dituzte indarrak. Bigarren partidan, berriz, Waltari eta Gixandut Intxusperen eta Amuleten aurka neurtuko dira.

Bihar izango du jarraipena lehiaketak eta Maulen izango da jaialdia, 16.00etatik aurrera. Txapelketako partida bigarrena izango da, eta bertan Ospitalek eta Ducassouk Etxegarairen eta Lazkanoren aurka lehiatu beharko dute, horrela Lehen Mailako aurreneko jardunaldiari amaiera emanez. Bigarrenekoak Lohitzünen martxoaren 12an eta Donibane Garazin martxoaren 13an izango dira.