Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Martxoaren 8tik at

Gaur nire urtebetetze-eguna da; ez dut esango zehazki zenbat daramatzadan, baina bai kopuru borobil horietako bat dela, “0” batekin bukatzen direnetakoa, alegia. Hamarkada-aldaketa bakoitzean bezala, bereziki lotu ohi gatzaizkio pertsonok gure unibertso txikiaz hausnartzeari, begirada atzera-aurrera erako dantza bizian jarrita: zer galdu dut, baina zer lortu dut; nor ez dago, baina nor bai; zer sinesten nuen lehen eta zeri eusten diot orain; prozesu horretan guztian zer aldatu da nire ingurunean, zer ez; zerk ahalbidetzen edota oztopatzen du nire/zure/gure garapena jendartean, zerk ez… eta, mugarri jakin honetan nagoela, zein bidetatik egin nahi dut aurrera.

Bada, nik neuk, emakume euskaldun, langile, burujabe eta askearen bide harritsutik, baina, kontsigna hutsa izan barik, kontzeptu bakoitzaren eduki osoarekin: horra bizitza osorako erronka. Egin nahi dut lehendik beste emakume askok beren izerdi, sufrimendu eta tinkotasunaz guretzat garbituz joan diren bide horretatik, guk geuk ondorengoentzat ere are gehiago berdintzen dihardugun horretatik; horren baitan, nire bidexka pertsonala egin nahi dut, esplikaziorik eman gabe.

Borroka epiko batetik at, eta hala sinistu behar dugu barren-barrenean, gure eguneroko hautu eta jokabide bakoitzak ematen dio aldentzeko ostikada bat bideko harri bati (demagun, otzantasunari), gero beste bati (gutxiagotasun-konplexuari, kasu), eta horko beste horri (maitale, nagusi, senide menderatzaileei, bai horixe), eta hangoari ere bai (txikitatik irentsitako beldurrei, to!); horrela, beste hainbesteri, egunero, gure bizitzako esparru orotan.

Hala, urtetik urterako ibilbide pertsonal eta kolektibo oraindik harriz betean, martxoaren 8ra iristen gara, emakumeon –aldarrikapenezko– egunera, adierazpen instituzional eta askotariko ekitaldiez jositakora, etzi. Ondo da, baldin bada bereziki ikusgai jartzeko oso adibide zehatzekin oraindik ere oztopoak jartzen zaizkigula, edota gure buruari jartzen dizkiogula (kultura jakin batek sorturiko buruko kateak hortxe daudelako), emakume langile burujabe eta askeak, eta gure kasuan euskaldunak, izateko. Ondo da, baldin eta egun horretara bitarteko denboran ostikadak ematen ditugun emakumeok ez bagaude bakartuak, hau da, erabaki politikoak hartzen dituztenek feministon ghettora eramanak, gauza bakarra lortzen ari baitira horrela, ondo lortu ere, martxoaren 8tik at: emakumeon arteko batasun ezinbestekoa eragoztea.