Mikel Ibarguren
Idazlea
JO PUNTUA

Esan nahi dut

Antza, jendarte ereduaren aldaketa prozesuan geundeke, aldagai eta gertaera anitzeko testuinguruan, baina biolentzia matxistaren arrastoak eta emakumeekiko jazarpenak hor diraute jendarte mota honen izozmendi baten erpin ageriko modura. Esan nahi dut, jendarte honen arkitektura ofiziala eta ez ofiziala ere erabat heteropatriarkalak direla eta intentsitate baxuko eta ez hain baxuko matxismoa une eta aldi oro ikusten eta nozitzen dela bazterretan. Esan nahi dut portaera horiek guztiak geure barnean sustraituak daudela. Marra gorriak gaindituak daudela. Gizon izateko modu asko daudela eta gizonok gizon izateko modurik zabarrena eta bortitzena hartzen dugula.

Jazarpen kasu berri bat gertatzen den aldiro etsipenez begiratzen diogu elkarri, baina ez gara gai egin beharreko galderak egiteko. Esan nahi dut «zergatik» eta «zertarako» galdetu beharrean ez dugula inoiz galdetzen zer egin dezakegun. Esan nahi dut arazo estruktural honen aurrean ezin garela betikoan gelditu. Ezin dugula, gizon bezala, antzeko destainaren aurrean isilik egon, badugula zer esana, zer egina, baina batez ere, gizon, txuri eta mendebaldar gisa, zer entzuna eta zer galdetua. Ezarritako arketipoak apurtu eta geure buruak eta barruak berrasmatu behar baditugu ere. Gure barneak aldatu gabe ez dugulako aldatuko jendartea. Angela Davisek esan zuen biolentzia estatala, intimoa, pertsonala eta publikoa dela. Gertaera sistemikoa da. Jendarteko geruza guztietan ematen da. Guk geuk elikatzen dugun patriarkatuaren aurkako borroka geure buruen aurkako borroka baita. Arrazoi du Jule Goikoetxeak: humanitatearen borrokarik zaharrenaren aurrean gaude. Lehen mailako arazo politiko larri baten aurrean.

Egiten den eraso bakoitzean beraien minkide sentitzen naizela esan nahi dut, ezin diegula huts egin, bigarren mailako jende bihurtu, memoria lapurtu.

Gizon, txuri eta mendebaldar gisa erantzun beharreko gero eta galdera gehiago ditudala esan nahi dut.