GARA
BILBO

Lakuak kontratu partzialak ikertuko ditu datozen bi urteetan iruzurra ekiditeko

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan lanaldi partzialeko 130.000 kontratu daude, Lakuaren esanetan, horietako zati bat Administrazioan eta, iruzurra atzemate aldera, datozen bi urteetan guztiak ikertuko ditu.

Maria Jesus San Jose Lakuako Lan eta Justizia sailburuak eta Lan Ikuskaritzako zuzendariorde Ricardo Minguezek lan kontratu partzialen atzean dagoen iruzurra atzemateko abian jarritako ikerketaren berri eman zuten atzo, Bilbon eginiko agerraldian. Era berean, 44 ikuskatzaile eta 14 ikuskatzaileorde dituen Lan Ikuskaritzaren balantzea aurkeztu zuten.

«Zigortzea ez dugu gustuko, baina zero tolerantzia izan behar dugu lan iruzurrarekin», adierazi zuen San Josek.

Lanaldi partzialeko kontratuen kopurua handia da oso. Aurtengo urtarrilean 74.212 kontratu sinatu ziren, %38 partzialak ziren. Esandakoaren arabera, guztira 130.000 kontratu partzial daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoan eta horiek guztiak ikertuko dituzte datozen bi urteetan, ordutegiak betetzen direla eta lanaldi osoak ezkutatzen ez dituztela ziurtatzeko.

Adierazi zutenez, egiten diren hamar kontratu partzialetatik zazpi emakumeei egindako kontratuak dira, «lanaldi osoa ez zaielako eskaintzen».

Ikertuko diren kontratu partzial guztien zati bat Administrazioei dagokie. Horiek aztertuko direnen artean azkenak izango dira, lanaldiaren kontrola handia delako eta iruzurrik ez delako antzeman, esan zutenez.

Iaz 544 enpresa ikuskatu zituzten eta horietako 79tan lanaldi luzatuak zituzten eta beste 14tan ordu estrak; alegia, ikuskatutakoen %17tan iruzurra zegoen susmoa zuten. 40.348 ikuskaritza-ekintza burutu ziren eta arau-hauste gehienek ordu estrekin eta lanaldi osoak ezkutatzen dituzten kontratu partzialekin zerikusia zuten. Horrez gain, kontratu mugagabe bilakatu gabeko aldi baterako kontratu ugari atzeman zituzten. Urtarrilean, industria arloko enpresa bat aldi baterako 500 kontratu mugagabe bilakatzera behartu zutela esan zuten.