Asier AIESTARAN
PILOTA

Esnatutakoan beldurra ematen duten bi erraldoi

6-0 eta 12-3 galtzen hasi arren, Bengoetxeak eta Larunbek lortu dute finalerdietako lehen garaipena.

OLAIZOLA II-UNTORIA 18

BENGOETXEA VI-LARUNBE 22


Neurketa parekatua espero zen Labriten Binakako Txapelketako finalerdiei hasiera emateko, sasoi betean dabiltzan eta aste batzuk lehenago Urdulizen lehiaketako partidarik onena jokatu zuten bi bikoteen artean. Baina aurreneko erdian ez zen batere berdintasunik izan. Aimar Olaizolak eta Alvaro Untoriak bikain ekin zioten demari eta konturatzerako 6-0 eta 12-3 aurreratu ziren markagailuan.

Gorriek behetik bizi ibiltzen zen pilota bat atera zuten, eta materiala oso gustuko zutela esan arren, Mikel Larunbek uste baino gehiago sufritu zuen atzeko koadroetan. Atzelari bizkaitarra jarri ezinik ibili zen aurreneko tanto horietan eta bi sake erraz goiko koltxoira bidali zituen eta beste pilotakada bat zabalera. Badaezpada urdinek aurreneko atsedena eskatu zuten.

Jokoaren nondik norakoa ez zen batere aldatu, ordea, eta gorriek serio jarraitu zuten lanean. Untoriak azkenaldian erakutsi duen sendotasunari eusten zion, eta Aimar Olaizola sekulako erakustaldia ematen ari zen berriz: lan erdietarako 9 tanto zituen eginak goizuetarrak, gehienak ikusgarriak, eta pilota bakar bat ere galdu gabe.

Telebistak ezartzen duen lehen atsedenalditik itzultzean, ordea, egoera aldatzen hasi zen. Mikel Larunbe nabarmen agintzen hasi zen atzean, eta lan zailak tokatu zitzaizkion Alvaro Untoriari. Majo saiatu zen errioxarra defentsa lanetan, gehienetan oso egoki, baina aurkari bizkaitarrak irekitako zuloak bikain baliatu zituen Oinatz Bengoetxeak tantoak amaitu eta partidari buelta emateko.

Zazpi tantoko partzial baten ondotik (13-5etik 13-12ra), arratsaldeko aurreneko berdinketa 15-15nakoa izan zen, eta urdinak 15-16an jarri ziren lehen aldiz aurretik. Eta atzean Larunberen erakustaldia aparta izan bazen, bi errebote ere sartuz, Leitzako aurrelariak sinatutako zenbakiak are hobeak izan ziren: guztira 14 tanto egin zituen (3 sakez) eta pilota bakarra galdu zuen (erremate batean eta partida ia bukatzear zela).

«Nire ibilbideko arrastirik politena izan da, zalantza barik. Irabazi egin dugu, nik asko atzeratu dut pilota...», zioen pozarren Mikel Larunbek partida amaitu berritan. «Aldaketaren gakoa ezer ez aldatzea izan da. Pilotaren bat gora joan zait, baina pilotakada onak ziren, eta Txapelketak horixe erakutsi dit, lanean segitzen. Gozatzera etortzea zen helburua, eta gozatu egin dut», gaineratu zuen atzelari galdakoztarrak egindako lanarekin benetan harro.