GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Duintasuna galtzen


Sekula baino ekimen gehiago aurten emazteen borroka egunaren inguruan. Denek emazteen aldarrikapenak ulertzen dituztela ematen zuen. Alta, diskurtso horiek guztiak entzun eta gero, salaketa instituzional guztiak egin eta gero ematen du ez dela deus aldatzen. Bada zerbait joaten ez dena, zeren emazteen hilketak ez baitira kopurutan txikitzen. Emazteen kontrako erasoak ez dira desagertzen. Azaleko diskurtsoak! Izarrek eta Sarak bizi duten egoeraren gainetik terrorismoaren ideologia jartzen da. Alegia, emazteen kontrako bortizkeriaren gainetik edozer lehentasun jar daiteke, ez da deus gertatzen. Diskurtso ederrak botatzen dituzten horiek guztiek kontzientzia ona daukate!

Ezkontza faltsua omen zen Urruñako auzapezaren arabera marokoar eta frantses nazionalitatea duen emaztearen artean. Ezkontza xuria omen. Horregatik ez ditu ezkondu nahi izan. Baduke horrek arrazismo zerbaiten susmoa, argudioa omen da adin desberdina dutela, gizona askoz ere gazteagoa omen da. Garbi da, Macron izenarekin ez da arazorik 24 urte gehiago duen emazte batekin ezkontzea. Pobreen munduari ez zaio berdin begiratzen. Auzitegiak zigortu duen auzapezak baduke legea desberdin ikusteko manera, nortaz ari denaren arabera. Pribilegioen zaintzea lehentasuna dateke oraindik elitearen eremuetan.

Eraikuntza eremuetan frantsesa izan behar omen da Valérie Pécresse eskuineko hautetsiaren arabera. «Molière zuzenketa» izena eman diote. Obra publikoetan eragiteko nahikeria erakusten dute azken asteetan eskuineko hautetsiek. Zertan eragin? Legez kanpoko lana zigortzeko? Ez, obra publikoetan erabiltzen den hizkuntzaren inguruan. Frantsesez hitz egin behar omen da hemendik aitzina eraikuntzako obra publikoetan.

Frantziako hautetsiek ez dakitela zertaz aritu ematen du. Edozer gai hartzen dute eskuin muturrari aurre egiteko. Horrela ez diote aurre egiten, eskuin muturraren norabidetik joaten baino. Hain itxura miserablea erakusten dute gehienek, FNk dituen kasu guztiak ez direla ia-ia ikusten. Herritarrentzat politika duintasun guztia galtzen ari da.