GARA Euskal Herriko egunkaria
ZIRIKAZAN

Eroso zaudeten bitartean


Iñaki Gabilondo kazetariak hausnarketa egin zuen bere blogean: zergatik ez dago ia emakumerik bere gizonezko bikotekidea erasotzen duenik, zergatik ez emakume-talderik gizonezkoak jazartzen dituenik, zergatik ez neskek osaturiko talde antolaturik era guztietako bandalismoan jarduten duenik… akaso ez daude emakume abandonatuak, desesperatuak, frustratuak, jeloskorrak, drogazale eta alkoholikoak, bortxakeriazko ghettoetan jaioak eta haziak? Galdera egiten zuen kazetariak: Orduan, zer gertatzen zaigu gizonezkooi barruan andrazkoei gertatzen ez zaiena, indarkeriara jotzeko; zer amaraun edota arazo mental dugu oraindik barruan, argi eta garbi genero gisa geurea berariazkoa? Eta beste bat: Zergatik da Emakumeen Nazioarteko Eguna emakumeentzako egun bat, haien aldarrikapenak eta borroka eurenak bakarrik balira bezala, eta zergatik doaz horren harira eta egun horretatik kanpo ere antolaturiko ekitaldietara ia emakumeak baino ez, alegia, zergatik ez gara sentitzen gizonok, genero gisa, deituak, emakumeei eragiten dieten gaietan geu ere nahitaez sartuta?

Hori guztiori nerabilen neuk ere buruan Martxoaren 8ko manifestazioan. Ingurura begiratu eta emakumeak ikusten nituen: gazteak, helduak eta umeak ere bai; mota guztietako emakumeak bat eginda, eta asko, gainera. Gizonezkook, ordea, esku bietako atzamarrekin zenbatu zintuztedan, eta neska-lagun kuadrillarekin edo bikotekidearekin egon barik elkarrekin joan zinetenak, beste hainbeste manifestaziotara joaten zareten moduan, hiruzpalauko talde bat. Pentsatzen nuen egun horretan aurretik entzundako «Joango zara manifestaziora?» galderak nork eta nori eginak izan ziren, emakumezkoak igorleak eta emakumezkoak hartzaileak, inguruan zeundeten gizonezko guztiak aurrean egongo ez bazinete bezala, honek guztiak zuekin inolako zerikusirik ez balu bezala, eta zuek berdin: geure arteko kontuak balira bezala, isilik, inongo betebehar eta konpromisorik sentitu gabe.

Eta horrela ez goaz inora, edo, baldin bagoaz, motel eta herren goaz, haizearen kontra etengabe… gutxienez zuen gehiengoaren mentalitatea aldatu eta zuen konpromisoa ekintzez bete ezean, gure ondoan, gurekin elkar hartuta. Jendartearen egungo ordenan eroso sentitzen zareten bitartean, geurea gure esku baino ez utzita zuek ere zuen mapa mentalak berrikusi eta eraldatu barik, feminismoa zuen egin barik, errotik benetan, eguneroko bizimoduan, ezer gutxi aldatuko da emakumeontzat.