GARA Euskal Herriko egunkaria
SNOWBOARD

Taldekako proban ere zilarra lortu du Lucas Eguibarrek

Bi dominarekin itxi du donostiarrak Sierra Nevadako Munduko Txapelketa. Urrea Hagen Kearney eta Nick Baumgartner estatubatuarrentzat izan zen.


Igandean banakako proban zilarrezko domina irabazi ostean, atzo kolore bereko saria lortu zuen Lucas Eguibar donostiarrak boardercross modalitateko taldekako Munduko Txapelketan. Gipuzkoarrak Regino Hernandez ceutarrarekin osatu zuen bikote –batek jaitsiera amaitzen duenean hasten da bestea–, eta bigarren amaitu zuten, Hagen Kearney eta Nick Baumgartner estatubatuarren atzetik. Hirugarren postua eta brontzezko domina Kevin Hill eta Christopher Robanske kanadarrentzat izan zen.

Sierra Nevadan aste guztian lehenengoz neguko eguraldi petoarekin, Eguibar –beti bigarren irten zen– eta Hernandez lehen postuan sailkatu ziren aurreneko fasean. Finalerdietan ere azkarrenak izan ziren, Kearney eta Baumgartner amerikarrei aurre hartuz. Baina finalean, estatubatuarrek lan hobea egin zuten eta, saiatu arren, Eguibarrek ezin izan zuen lehen postura iritsi, nahiz eta amaierak emozio handia izan zuen.

«Hasi aurretik sinatuko nuke bi domina irabaztea, ordaindu ere egingo nuke hala izan zedin», zioen pozarren Eguibarrek proba amaieran. «Oso pozik nago. Apur bat haserre ere bai, azken txanpan aurreneko postua ere eskura nuelako, baina akats txiki bat egin dut. Hala ere, 23 urte dauzkat eta asko ikasten ari naiz», aztertu zuen donostiarrak gertatutakoa.