GARA Euskal Herriko egunkaria
Eskubaloia

Kopako festan parte hartzea dago jokoan gaurtik aurrera

Azken kanporaketari ekingo diote Anaitasunak etxean eta Bidasoak kanpoan.


Lehiaketa sistema aldatu zutenetik, eskubaloiko Kopa ez dute jokatzen Ligako lehen itzulia aurreneko zazpi edo zortzi postuetan amaitzen duten taldeek, baizik eta kanporaketak jokatu behar izaten dira aurreko denboraldiaren arabera. Aurten Bartzelona, Errioxa, Leongo Ademar eta Granollers dira jada sailkatuta dauden lau taldeak, eta beste laurak gaurtik aurrera jokatuko diren kanporaketetan erabakiko dira.

Euskal taldeei dagokienez, Helvetia Anaitasuna da printzipioz txartela lortzeko aukera gehien dituena. Juanto Apezetxeak zuzentzen dituen mutilek etxean ekingo diote (20.30) Auto Gomas Sinfin talde kantabriarraren kontrako kanporaketari –Ivan Amarelle baja izango da–. Itzulerako norgehiagoka larunbatean jokatuko dute Santanderren (18.00).

Nafarrak seigarren postuan daude Asobal Ligan, 21 punturekin, eta Sinfin 14. dago, 13 punturekin eta jaitsiera ekiditeko borrokan bete-betean sartuta. Kantabriarren azken bisitan, gainera, 31-24 irabazi zuen Anaitasunak. Horregatik, faborito argi izan beharko lukete iruindarrek, baina hobe dute kontuz ibili, azken asteetan EHF Kopan egindako gain-esfortzua ere garesti ordain litekeelako, eta Santanderren Ligan jokatutako neurketan espainiarrak 32-28 nagusitu zirelako.

Bolada ederrean

Bidasoa-Irun talde gipuzkoarrak ere aukera oso ederra du aurten ekainaren 9tik 11ra ospatuko den zortziko finalean egoteko. Asobal Ligara igo berriak izan arren, denboraldi aparta osatzen ari dira Jacobo Cuetararen mutilak, eta egokitu zaien aurkaria ere, Benidorm, ez da denetan zailena.

Txingudiko taldea zortzigarren postuan kokatuta dago Asobal Ligan, 19 punturekin eta mailari eusteko helburua ederki bideratuta. Benidorm, aldiz, azken-aurreko postuan dago, 11 puntu bakarrik batuta eta maila galtzeko arrisku bizian.

Borja Lancinaren zalantza izango du Bidasoak gaur Benidormen jokatzeko (20.45), baina Ligako azken bi jardunaldietan lortutako garaipenek sekulako bultzada eman diote taldeari. Gipuzkoarrak emaitza on bat lortzen saiatuko dira, datorren larunbatean Artalekun (19.00), jendearen laguntzarekin –1.800 ikusle azken neurketan– kanporaketa borobiltzen saiatzeko.