Nerea GOTI
Kazetaria
IKUSMIRA

Euskal «malabaristak»

Deabruzko erritmoa daukan kanta batek izena jarri die herri txiki bateko biztanleei: «hizkuntzaren malabaristak, akrobatak, trapezistak, herri honen ilusionistak». Balio du, gainera, horiek guztiak errepidera irtetera deitzeko, ziur izanda kosta ahala kosta deiari erantzungo diotela. Kantaren sortzaileek jakin badakitelako horiek malabareak egingo dituztela eta arnasa estututa, logurak jota, izerditan blai edo hotzikarekin prest daudela bide bazterrean zain egoteko. Berdin dio orduak, berdin eguraldiak...

Hizkuntza, izaera, mundu horren aldeko herri maratoi zoroa ez da hamar egunean geldituko, eta jarraituko du gero mila era ezberdinetan hizkuntza dutenekin eta maite dutenekin. Deialdia Otxandion hasiko da eta Iruñean amaituko. Gau eta egun gelditu gabe, suge baten moduko ibilbide enrebesatua osatuko du herrialde txiki honetan, euskararen zainaren moduko irudia plazaratuz, hizkuntza batek piztuta jarraitzeko behar duen kalanbrearen marrazkia osatuz.

Horrelako zerbait ere bada Korrika «jaiotzetik ilusionistak» eta «bizirauten espezialistak» diren horientzat guztientzat. Zoramen magiko bat behar da erronkari aurre egiteko. Horregatik, ulertezina egiten da hain fenomeno bereziak inguruko lurretan hain oihartzun eskasa izatea. Bitxia da, benetan, Londresen edota Berlinen erreplikak dituen ekitaldi horrek hurbilago aipamenik ez izatea. Izango da, akaso, asko magia hori ulertzeko prest ez daudela oraindik; egia esan, bertoko batzuei ere kostatu zitzaien eta orain ez lukete hutsik egingo. Garaiz daude; guk txutea hartzeko hamar egun ditugu, martxoaren 30etik apirilaren 9ra.