GARA
Tenisa

Pliskovak berriz moztu du Muguruza on baten bidea

Federazio Kopan gertatu bezala, txekiarrak mendean hartu du Garbiñe IndianWells torneoko final-laurdenetan, baina kasu honetan askoz lan gehiago eginda.

Indian Wells torneo entzutetsua amaierara hurbiltzen ari da, eta Garbiñe Muguruzak ezingo du tituluaren lehian jarraitu, final-laurdenetan galdu baitzuen Karolina Pliskova txekiarraren aurka. Venezuelan jaio baina aita eibartarra duen tenislari gazteak 7-6(2) eta 7-6(5) galdu zuen ordubete eta 56 minutuko iraupena izan zuen neurketa gogor bezain zirraragarrian.

Pliskovak, munduko zerrendan hirugarrenak, indartsu ekin zion demari, eta 4-1 aurreratu zen aurreneko setean. Muguruzak, ordea, garaiz eman zion buelta egoerari eta 5-6 aurreratzea lortu zuen. Zoritxarrez, seinako berdinketaren ostean jokatutako tie-break azkarrean ez zuen batere aukerarik izan jatorri euskalduneko tenislariak.

Bigarren seta ere antzeko bidetik joan zen. 5-2 galtzen ipini arren, bere kasta guztia atera eta partidako bigarren desenpatera heltzea lortu zuen Muguruzak. Bigarren aukeran askoz parekatuagoa izan zen tie-break hori, baina bi falta eginda garaipena Pliskovarentzat izan zen. Tenislari txekiarrak Svetlana Kuznetsova errusiarraren aurka jokatuko du finalerdietan.

«Ez nau kezkatzen gaurko porrotak», onartu zuen amaieran Garbiñe Muguruzak. «Azkenaldian ez naiz ari nire tenisik onena jokatzen eta, arazo fisiko batzuk izan arren, pistara irten eta barruan neraman dena eman dut», esan zuen harro. «Pliskova sasoi onean dago eta gaurkoa proba bat zen niretzat. Ongi jokatu dut eta hurrengoan onenengandik gertuago egongo naiz», gehitu zuen, presioari garrantzia kenduz. «Roland Garros bat irabazten duzunean jendeak asko espero du zugandik, eta hori ez nuke aldatuko. Gutxik bizi dezakete sentimendu hori».

Djokovic eta Nadal, kalera

Gizonezkoen adarrean, final-zortzirenetako ezuste handiena Novak Djokovicen porrota izan zen: 6-4 eta 7-6(3) Nick Kyrgios australiarraren aurka. Kyrgios munduko 17.a da eta bere jarrera arazoengatik egin da batez ere famatu azken urteotan.

Kyrgiosek Roger Federer suitzarraren aurka jokatuko ditu final-laurdenak. Tenislari beteranoak uste baino errazago kanporatu zuen Rafa Nadal, bi setetan: 6-2 eta 6-3.