MAR. 18 2017 Berezkoak Faboritoek finalerdietarako txartela segurtatuta utzi nahi dute J.L. Berezkoen Binakako Txapelketako hirugarren jardunaldiko bi partida jokatuko dira asteburu honetan, eta horrekin batera Bigarren Mailako aurreneko bi neurketa ere izango dira. Gaur pilotariek Zuberoara joan beharko dute, Garindainen jokatuko baitira neurketak. Lehen Mailakoan, Bielle eta Ximun Lanbert Waltariren eta Gixanduten aurka neurtuko dira. Bi bikoteak oso egoera ezberdinean helduko dira neurketa honetara. Aurrenekoak jokatutako bi partidak galduta datoz, eta besteak, berriz, biak irabazita. Gaurkoan ere beraiek aterako dira irabazteko faborito. Jaialdia 17.30ean hasiko da, eta aurrena Bigarren Mailako norgehiagoka jokatuko da. Monze eta Luku Laurent Lanberten eta Palomesen aurka arituko dira. Armendaritze Biharkoan pilotariek Nafarroa Beherera joan beharko dute, Armendaritzen arituko baitira pilotariak. Lehen Mailakoan, Larraldek eta Bilbaok Etxegarairen eta Lazkanoren aurka jokatuko dute. Gaurkoan bezalaxe, hemen ere bi bikoteak oso egoera ezberdinean joango dira neurketa honetara. Larralde eta Bilbao orain arteko bi partidak aparteko arazorik gabe irabazita datoz, eta Etxegaraik eta Lazkanok ez dute garaipenik lortzeko inongo aukerarik izan. Jaialdia 16.00etan hasiko da, eta aurretik Bigarren Mailako norgehiagoka izango da; horretan Oltzomendi eta Benesse Elgarten eta Ezkurraren aurka jardungo dira. Azken bikote hau da lehen fase honetan garaile atera eta Lehen Mailako finalerdietan sartzeko faboritoa, baina horretarako puntuak lehen partidatik batu beharko dituzte.