GARA Euskal Herriko egunkaria
HAUR LITERATURA

Irudimena eta umorea


Monika izeneko neskato bat dugu liburu honetako protagonista eta narratzailea. «Monika dut izena eta jende guztiak Minimoni esaten dit. Bizikleta gainean, haizeak hegan narama! Enarak gustatzen zaizkit, marrubi kremazko pasteltxoak eta amak kontatutako ipuinak. Nirea da etxeko landareen ardura, haiek ureztatzea atsegin dut, eta kontutxoak esatea, azkarrago hazi daitezen». Hitz horiekin aurkezten du bere burua Minimonik. Eta albumetan gertatu ohi den bezala, hitza irudien bidez osatzen da; kasu honetan, neskato bat bizikleta gainean ziztu bizian, atzean gurditxo bat daramala, eta bertan landareak, ipuinak eta panpinatxo bat.

«Baina munduko gauza guztien artean, gehien, gehien gustatzen zaidana… MARGOTZEA da!!!» esan ondoren, Minimoni ikus dezakegu kolorez inguratura hainbat eta hainbat gauza margotzen, bai eta zalantza bat duela: «Zein koloretakoa ote da musu bat?»; izan ere, Minimonik sekula ez du musurik margotu.

Eta hortik aurrera, irakurlea koloretako munduetan barneratuko da Monikaren, barka Minimoniren, gogoeten ondorioz. Gorriak ote dira musuak? Ala berdeak? Horiak agian? Izan al daitezke marroiak? Eta irakurle-ikusleak Minimoniri gustatzen zaizkion kolore horietako hainbat kontu ezagutuko ditu… bai eta hain gustukoak ez dituenak ere. Krokodilo berdea gustuko duen bitartean, brokolia, zerbak edo ilarren aurrean Minimonik jartzen dituen aurpegiak ikus ditzakegu. Edo nola gozatzen duen Ilargi zuriaren distirarekin… eta izoztu, elur are zuriagoarekin. Minimonik urdina tristuraren kolorea dela adieraziko digu, baina baita itsasokoa edo igerilekuko urarena!! Aldeko eta kontrako jolas horretan barneratzen gaitu egileak; alde batean gauza positiboak ditugun bitartean, bestean negatiboak agertuko zaizkigu, irakurlearengan irribarrea sorraraziz Minimoniren ateraldi xelebreekin.

Testua sinplea da, haur txiki baten narrazioari dagokiona, eta egileak hitzen neurri, intentsitate eta letra txiki edo larriaren erabileraz indartu egiten ditu kontzeptu batzuk, ideia batzuk, irakurketa bera jolaseko (liburu guztia jolas bat delako) elementu bat gehiago bilakatuz. Eta gauza bera esan dezakegu testuaren eta irudien arteko harremanaz, bai eta irudiak islatzeko moduaz ere (bata bestearen gainean dauden animaliak eta neskatoaren irudia dugu horren adibide garbia).

Minimonik, azkenean, ikusirik ez duela asmatzen musuen kolorearekin, amari galdetzea erabakitzen du: «Amaaaa, ba al dakizu zein den musuen kolorea?»; amaren erantzuna, hitzik gabekoa, bizia eta alaia da, ikusgarria… eta horren ondoren, liburuaren amaieran irakurleari berari zuzentzen zaio galdera: «Eta zure ustez…, zein koloretakoa da musu bat?».

Bitxia da, eta gomendagarria, Algar argitaletxeak eta Patxi Zubizarretak euskarara ekarri duten album hau. 2015ean lehen aldiz argitaratu zenetik 45.000 ale saldu dituen liburu honek, gainera, oparitxo bat dakar amaieran: neurgailu bat, zenbat hazten ari garen (batzuk dagoeneko ez asko…) ikusteko. Baina hori baino garrantzitsuagoa, irudimenaz eta ateraldien ondorengo umoreaz gozatzeko parada, hori bai, hori denok eduki dezakegu, haur nahiz heldu izan.