GARA
HAZPARNE

Piarres Charritton idazle eta euskaltzaina hil da 95 urterekin

95 urte zituela eman du azken hatsa Piarres Charrittonek. Euskaltzain emerituak euskara batua hauspotu zuen Euskaltzaindiaren 1968ko bilera ezagunean. Artikulu ugari eta hainbat liburu argitaratu ditu, batez ere euskaraz, baina baita frantsesez ere. Ehorzketa astelehenean izango da Hazparneko elizan, arratsaldeko 15.00etan.

«Euskara ezpainetan, dotorezia mintzairan, bikaintasuna idazkeran». Era horretan gogoratu du Andres Urrutia euskaltzainburuak Piarres Charritton.

Ahozkotasunaren alorrean egindako ekarpena nabarmentzen da hazpandarraren ibilbidean. «Izugarrizko kultura zuen eta gaitzeko dohaina hitz egiteko. Euskarari, euskaldungoari eta Euskaltzaindiari egin dien ekarpenik handiena aho-mihizkoa izan da. Baina ber denboran, ez idurian, idazlan handia egin duela ohartzen ahal gara haren bibliografia franko aberatsa ikusiz. Eskerrak zor dizkiogu euskaltzaleok», Jean-Louis Davant idazle eta euskaltzainaren iritziz.

«Liburu parrasta bat plazaratu zuen, politika mailakoak eta literaturaren historia jorratzen dutenak; hiztegiak, halaber. Iparralde honetan norbait zen, norbait hori zentzurik zabalenean hartuz», adierazi zuen atzo Itxaro Borda idazleak.

Hazparnen sortua, apaiz ikasketak burutu zituen, baita 1947an apaiztu ere. 70eko hamarkadan apaiz izateari utzi zion eta familia sortu. Jarduera intelektualak bizi izan zuen gaztetatik. Association pour la Création d’un Institut d’Etudes Baques (ACIEB) delakoaren sorreran parte hartu zuen Piarres Lafitte eta Jean Harischelharrekin. Ondoren, Euskal Ikasketen Institutua sortu zen. EHUko irakasle izan zen 1984-1987 bitartean. 2006. urtean euskaltzain emeritu izendatu zuen Akademiak. 199an Manuel Lekuona saria eman zion Eusko Ikaskuntzak.

80ko hamarkadan Eusko Alkartasunan –alderdiak bere samina agertu zuen atzo– aritu zen, politikagintzan. Baionako Udalean zinegotzi izan zen.

Bera ezagutu zueneko garaiak izan zituen atzo gogoan Urrutiak. «Labayruren Ikastaroetan ezagutu nuen, urte asko direla –gogoratu du Urrutiak–, bera irakasle eta ni ikasle. Berebiziko indarra zerion hari, Iparraldeko euskararen nondik norakoak hitzez eta letrez erakusten eta irakasten zizkigula. Euskararen klasikoak barne-barnetik maitatu eta gure eskuetan jarri zituen, mintzaira zaindu baten bidez. Sona handiko euskal maisuen argitarazlea, erretorikak ez zeukan berarentzat ez bihurgune, ezta ezkutuko lekurik. Molde horretan gogoratuko dugu, gaurgero, gure euskaltzainkidea», adierazi zuen.