GARA
BERA

Julio Soto gorritiarra da 43. Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen finalista

Jendez leporaino zegoen Berako Kultur Etxea, bertan jokatu zen Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen finalaurrekoa bertatik bertara ikusteko. Egungo txapelduna den Julio Soto aise nagusitu zen, Alaitz Rekondo gai-jartzaile lanetan izan zuen atzoko saioan.

Horrenbestez, apirilaren 8an Iruñeko Anaitasuna kiroldegian jokatuko den 43. Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalerako txartela eskuratu du.

Berako saio puntuagarriaren ostean Julio Sotok eskuratu zituen puntu gehien, 422,5. Harekin batera kantuan jardun zuten bertsolariak, hurrenez hurren, bere atzetik geratu ziren Eneko Lazkoz (401,5 puntu), Ander Fuentes 'Itturri' (383,5), Kotte Plaza (377,5), Iñigo Olaetxea (367) eta Alazne Untxalo (358) izan ziren.

Bost bertsolari hauek finalaurreko faseko azken puntuazioen zain egon beharko dute hurrengo fasera sailkatzen diren ala ez jakiteko. Osotara, zortzi bertsolari pasako dira finalera, oraingo hemezortzietatik.

Gaur segida Antsoainen

Gaur izanen du segida Nafarroako Bertsolari Txapelketak, Antsoaingo Antzokian, 17:30ean. Bertan ariko dira Xabier Terreros, Xabier Maia, Iker Gorosterrazu, Saioa Alkaiza, Josu Sanjurjo eta Mikel Lasarte.

Saiorako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian lor daitezke. Gaur bertan, Antsoaingo Antzokiko leihatiletan ere eskuratu ahal izango dira.