MAR. 20 2017 Aizkora Etxeberriatarrak hasieratik nagusi izan dira Donezteben Jexux eta Miel Anjel lehen enborrean jarri ziren aurretik, eta amaitu arte horrela jarraitu zuten, kana-erdiko bat pasako aldea lortu baitzuten. Jon LEUNDA Jexux eta Mielanjel Etxeberriak irabazi zuten atzo Doneztebeko pilotalekuan jokatu zen aizkora apustua, Pello eta Jon Telletxea mendean hartuta. Amaieran 3 minutu eta 28 segundoko aldea egon zen lehian aritu ziren bi bikoteen artean. Aizkolari bakoitzak hamar kana-erdiko eta lau oinbiko erdibitu behar izan zituen. Enbor txikiak irabazleek eramandakoak ziren, eta oinbikoak, berriz, Jonek eta Pellok eramanak. Alde bakoitzak 1.000 euro jokatzen zituen. Etxeberria anaiek Joxe Martin Mindegia izan zuten laguntzaile, eta Pellok eta Jonek, berriz, Hilario Mindegia. Aizkora apustuak modan daude, eta atzo ere hori baieztatu zen berriro, 500 ikusle pasatxo joan baitziren norgehiagoka zuzenean ikustera. Horrek garbi uzten du beste behin ere aizkolaritza berriro ere indarrean dagoela. Etxeberriatarrak nagusi izan ziren lehen enborretik azkenera, nahiz eta ez zen inoiz ere tarte handirik izan, hala ere, bai nahikoak. Apustu honetan ere emozioa ez zen handi horietakoa izan, hastapenetik lortu baitzuen aldea garaipena eskuratu zuen bikoteak, eta gero hori ederki jakin zuten kudeatzen. Lehen enborretik lortu zuten aldea, aurreneko kana-erdikoan 16 segundoko zuloa egin zuten, eta handia ez izan arren, apurka-apurka zulo hori handitzen joan ziren. Gauzak horrela, lan erdietarako abantaila polita zuten. Lan erdi horietan, alegia, bost kana-erdiko eta bi oinbiko ebakitzen, Etxeberria anaiek 20 minutu eta 37 segundo behar izan zituzten, eta Jon eta Pello Telletxeak, berriz, 22 minutu eta 58 segundo. Ondorioz, lehen zazpi enborretan bi minutu pasako aldea zegoen, eta garbi zegoen, bigarren itzulian zerbait handia pasatu ezean, neurketa erabakitzeko bidean zegoela. Eta bigarren zatian gauzak ez ziren batere aldatu, Jexux eta Mielanjel Etxeberriak eurena egiten jarraitu zuten, eta lehen zuten alde hori handitzen joan ziren. Amaieran kana-erdiko oso bat eta beste erdi bateko aldea egon zen lehian aritu ziren bi bikoteen artean. Enborrez enbor, honako hauek izan ziren Jexux eta Mielanjel Etxeberriaren denborak: 1.49, 3.41, 5.40, 7.53, 10.10, 15.26, 20.37, 23.13, 28.22, 34.21, 37.05, 39.47, 42.25 eta 45.00. Jon eta Pello Telletxearen denborak, berriz, honako hauek izan ziren: 2.05, 3.58, 6.01, 8.23, 11.06, 17.13, 22.58, 25.46, 31.31, 37.43, 40.42, 45.13, 45.31 eta 48.25. Hobera Herenegun iluntzeko apustuan Elorriaga II.ak gaizki amaitu zuen. Erabat jota eta bukatu eta gero gorputzari buelta eman ezinik geratu zen. Ondorioz erietxera eramatea erabaki zuten, eta gaua han pasatu behar izan zuen Zumarragako aizkolari gazteak. Gaua ongi pasatu zuen, eta atzo goizerako bere onera etorria zen, zorionez. Bere lehen apustua zuen, eta segur aski ez zaio oroitzapen ona geratuko. JENDETZA