MAR. 23 2017 Hormak, dantza bikotekide Donostiako Kultur Hiriburutzaren baitan sortutako kale proiektua eszena barrura eraman du Aiert Beobidek Haatik konpainiarekin. Iñaki Arrue eta Vitali Safronkineren koreografiekin eta bereekin, bost piezaz osatutako lana da «Hormek diote», metaforatik abiatuta gizartearen gaineko hausnarketa dantzatu eta musikatua proposatzen duena. Urnietako Sarobe aretoan aurrestreinaldi bat egin ondoren, bihar iritsiko da Lasarte-Oriara. Last update: MAR. 23 2017 - 06:15h Ariane KAMIO DONOSTIA Bizikidetzaren inguruan hausnarketa bat osatze aldera, Donostia 2016 Hiriburutzak diziplina desberdinetako artisten lanak batzen zituen egitasmoa izaten zen “Hormek diote”. Bost artista plastikok mural bana egin zuten Donostian eta bere inguruetan –Errenterian eta Trintxerpen– eta Haatik dantza taldeak eman zion jarraipena irudi bidezko gogoetari, kasu horretan, dantza aintzat hartuta. Bost artistek egindako piezak aurrean izanda, filosofia berberarekin jarraitzea erabaki zuen Aiert Beobide buru duen konpainiak, hots, koreografo desberdinen elkarlana uztartzea. Hartara, Iñaki Arrue euskal dantzari eta koreografoarengana eta Vitali Safronkine errusiarrarengana jo zuten. «Gureaz gain, beste koreografo batzuen ikuspuntuak agertzea ere nahi genuen, baita gure dantzariek beste lengoaia batzuekin lan egitea ere», dio Beobidek. Arruek bi pieza sortu zituen, aikidoa eta dantza garaikidearen arteko nahasketa batetik datorren estilo propioarekin. Eta Safrontinek ere beste bi landu zituen. «Aurreko lan batean ere egin genuen beste koreografia bat berarekin. Bere ibilbidea neoklasikoagoa izan da. Orain Euskal Herrian egonkortu da eta aukera ezin hobea zen berarekin lanean aritzeko», gaineratu du. Obrako bosgarren pieza Beobiderena da, Haatik konpainiaren oinarriei jarraituta egindakoa. Euskal dantza tradizionala eta garaikidea, biak bat. Koreografia guztiak elkartu zituen haria musikarena izan zen, kasuan, Pascal Gaignek osatutako lanena. Metafora “Hormek diote” lanean metafora da, Beobideren iritziz, baliabide nagusia. «Hormak hor daude, ikusten dute gure gizarteak nola jokatzen duen. Batzuetan gizartea banantzen dute horma horiek, besteetan babestu egiten gaituzte. Eta hitz egiteko gai balira? –galdetu du–. Bada modu bat ere guk kritika bat egitekoa. Edo behintzat hausnarketa bat edo galdera batzuk». Iazko urtean gauzatutako proiektu hori guztia antzokietara eraman eta formatu itxira moldatu du Haatik konpainiak. «Lauzpabost hilabete pasatu genituen hau guztia osatzen eta ohartu ginen oso material interesgarria zegoela. Jarraipena emateko asmoa agertu genuen berehala», gaineratu du. Pieza horiek kalean errepikatu dituzte beste hitzordu batzuetan; Dantza Hirian jaialdian, esaterako, baina lanaren segida antzokian bermatu nahi izan dute. Eta erronka ugari izan dituzte aurretik. Esaterako, espazio eszenikoa. «Kaleetan koreografo bakoitzak bere espazioa ezaguturik egokitzen zituen koreografia guztiak espazio horietara; eskailerak, bankuak... Antzoki huts batean hau guztia sartzea erronka izan zen», ohartarazi du. Ez zuten nahi koreografiak taula gainean bere horretan jartzerik; haiek erreproduzitu eta kaleko sentsazioak eraman nahi izan dituzte oholtzara. «Eszenografian lan handia egin dugu. Argi genuen horma bat nahi genuela, formaz aldatuko zen horma bat eta hor egon da ekoizpenaren inbertsio handiena», azpimarratu du. Bost plaza horietan egindako muralak antzoki barrura eramatea izan da beste erronketako bat. Gehienak ikus-entzunezkoen bidez egongo dira taula gainean, Judas Arrietarena izan ezik. «Berezko artelana Trintxerpen dago. Skate taula batzuekin egin zuen mosaiko antzeko bat. Berarekin harremana egin dugu eta lortu dugu pieza horretan oinarritutako beste artelan original bat egitea ikuskizun honetarako». Beste aldaketa bat ere egin dute obraren egituran. 2016ko sorkuntzarako Koldo Almandoz aritu zen zuzendaritza artistikoan. Kasu honetan, Olatz Beobidek hartu du gidaritza. «Kanpoan egongo zen norbait behar genuen, nik neuk ere dantza egin nahi banuen behintzat». Urtarrilaz geroztik lanean aritu da Haatik konpainia Urnietako Sarobe aretoan egindako egonaldi batean. «Pieza asko daude puzzle honetan eta jende asko ari da lanean». Bertan izan zuten joan den martxoaren 11n publikoarekin lehendabiziko harremana aurrestreinaldi gisa, eta estreinaldia, berriz, bihar izango da, arratsaldeko 20.00etan, Lasarte-Oriako Manuel Lekuona antzokian. Uda ondorenerako beste hitzordu bat izango dute Tolosako Leidorren, eta bizpahiru hitzordu finkatu dituztela aurreratu du Beobidek, baina oraindik datarik gabe. HORMAK «Hormak hor daude, ikusten dute gure gizarteak nola jokatzen duen. Batzuetan gizartea banantzen dute horma horiek, besteetan babestu egiten gaituzte. Eta hitz egiteko gai balira?».