Mikel Zubimendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Maitasun erromantikoaren defentsan

Ez dakit zergatia, ezta helburua ere. Igual da gero eta aspertuago gaudelako, den-dena oraintxe bertan eta eskura nahi dugulako edo batek jakin! Eztabaida oso kuriosoak ikusten dira gurean, ideiak mutur-muturreraino eramanez. Agian pentsatzen da, oker pentsatu ere, horrek erradikalago egiten dituela, edo agian ez.

Atentzioa eman didate azkenaldian irakurri ditudanek. Kanpaina antolatua iruditu zait eta ez dut ongi ulertu zergatik hautatu den maitasun erromantikoa etsai faborito. Hainbeste egurtzeko, zer daukan hain gaiztoa dena, ze demontrerengatik esan behar zaion jendeari deabruzko maitasun hori alboratzeko, nola maitatu inori lezioak zergatik eman behar zaizkion.

Egia da batzuei maitasun erromantikoak San Balentin eguna, armadura distiratsudun printze edo muselina soineko arinak dituzten printzesak, biolinak eta abar gogorarazten dizkiela. Maitasun harreman orok hasieran duen “tontoleszentzia” aroarekin lotzen dute, tonto-tonto jarri eta jarrera hori betikotzen duela. Harreman heldu eta sanorik ez dakarrela. Zepoa dela, harremanean magikoa den zerbait gertatuko dela beti zain eta tormentuz beteriko errealitatean atrapatzen zaituela. Egia da dirua, negozioa, hor daudela, baina hori maitasun erromantikoaren kulpa ote den eta horregatik zigorra merezi duen beste kontu bat da. Badira ere maitasun erromantikorako egun sofistikatuegiak garela diotenak.

Maitasun erromantikoa ederra da, baina. Aspirazio noblea da, horizonte legitimoa, independenteak eta berdinak direnen arteko harremana. Agian, esango didazue: ez gara ahulak ezta abandonatuak ere, ez dugu zaldi zuri batean erreskatera datorren printze edo printzesaren beharrik. Agian ez, edo agian bai. Niretzat, bietarik poxi bat… «burning by both sides».

Hori bai, txuria ez, orain beltz edo gorri amesten da. Eta ez zaldia, BMW beltz edo begiradak erakartzeko Ferrari gorria. Maitasun erromantikoa ala sofistikazio hori, zein da okerragoa?