MAR. 25 2017 IKUSMIRA Maitasunaren aroa... ja! Ariane KAMIO (Euskal) Kazetaria Martxoak 24. Goizeko 09.15. «Mugi Olaia! Berandu goaz ikastolara!». Ziztu batean haurra autoan sartu, aparkatu eta korrika gelara. «Ondo ibili!». Mugikorrari begiratua. Ordua gainean dut. Autoan sartu. «Hau hotza egiten duena hemen...». Atzeko eskuineko ateko kristala apurtu didate. «Mierda! Poltsa ostu didate!». Eta errosarioa hasi da. Udaltzaingoarengana lehenengo –«lapurretagatik salaketa bat jarri nahi dut»–, autoaren aseguruarengana ondoren –«lapurreta egin didate autoan eta kristala puskatu dute, aldatu egin behar dut»– eta etxeko aseguruarenera ere –giltzak ere eraman dituzte eta sarraila aldatu beharko dut–. «Deitu zerorrek sarrailariari eta etorri fakturarekin». Madarikazio guztien ondoren dena egin dudanaren sentsazioarekin eguzki printzen azpian ostu ez didaten gauza bakarra esku artean hartu eta Googleren azkartasunari eskerrak ematen herriko sarrailari ezagun bati deitu diot. Esplikazioak eman beharra berriro ere: izen abizenak –«Mariane? Ez, A-R-I-A-N-E», helbidea, telefonoa eta itxaroteko apur batean. Betikoa. Gerizpea bilatzeko gogo –edo indarrik– gabe nagoen tokian geratu naiz, eta irudikatu dut telefonoaren bestaldeko gizona, erreminta kaxa eskuan jakituriaren jakituriaz etxean dagoenari zer gertatu den galdetu eta sarraila di-da batean aldatzen. Ziurtasunez. Printze urdin bat behar dut une horretan eta hori bakarrik bururatu zait. Badator bueltan telefonora. «Aizu, guapa, ez zitzaizun poltsa etxean ahaztuko, ezta?». Printzea zaldi urdinetik jaitsi eta etxera bueltan bidali dut berriro. Zin dagit ez diodala maitasun erromantikoari berriz deituko. Sekula.